Sare sozialetan atsegiteak emateagatik dirua irabaziko duzula ziurtatu badizute, kontuz, iruzurra da eta!
Dirua erraz irabazteko bidea erakutsi, eta hainbat pauso jarraituz, dirua lapurtzea izaten da iruzurgileen asmoa.
Azkenaldian mezularitza aplikazio bidez zabaltzen ari den iruzur baten berri eman du Espainiako Guardia Zibilak. Sare sozialetan argitalpen jakinei atsegiteak emateagatik dirua irabaztearen amarrua erabiliz hasten da iruzurra, eta azkenean pertsona horri dirua lapurtzea lor dezakete.
Iruzurgileak mezularitza aplikazioen bidez, Telegram edota Whatsapp bidez esaterako, jartzen dira harremanetan, konpainia handien ordezkari. Hasiera batean, sare sozialetako profil jakin batzuk jarraitzeagatik edo atsegiteak emateagatik diru-kopuru txikiak eskaintzen dituzte, 100 euro artekoak. Loturak bidaltzen dituzte, eta haietan klikatu eta eskatutakoa egitea besterik ez da izaten.
Hartu-emana handitu eta konfiantza giroa sortutakoan, "goragoko taldeetan" sartzeko gonbita egiten dute, eta halakoetan bestelako zereginak izaten dira: erosketak egin, erosketak itzuli, edota gero eta diru gehiagoko ustezko inbertsioak egin. Ondoren, iruzurgileak desagertu egiten dira, diru guztiaren jabe eginda.
Halako iruzurrak gero eta ohikoagoak omen dira, eta, beraz, tentuz ibiltzea komeni da. Halako mezurik jasoz gero, honako pauso hauek jarraitzea gomendatzen dute: sare sozialetako kontaktua salatu eta blokeatu; bankuarekin harremanetan jarri, daturik eman bada; probak bildu (elkarrizketak, pantaila-argazkiak, transakzioak...); eta salaketa jarri, gertatutakoa iker dezaten.