Sare sozialetako matxismoaren inguruko telesail norvegiar saritua

Online jazarpena, ezeztapenaren kultura eta genero rolak dira telesail laburraren osagai nagusiak.

Ølhunden Berit, ingelesez A better man ("Gizon hobea"), izeneko telesail norvegiarrak komedia beltza eta thriller psikologikoa uztartzen ditu, eta jazarpen digitala eta ezeztapenaren kulturaren baitako ertzak jorratzen ditu.

Canneseries jaialdian telesail eta antzezpen onenaren sariak irabazi zituen, eta publikoaren eta telesail onenaren saria Serializados Fest-en. Beraz, telesail zaleek begiz jota dute ekoizpen hau. 

Tom izeneko gizon bat da telesailaren protagonista, eta bi aurpegi ditu: egunez, amari laguntzen dio arropa dendan, eta gauez, berriz, errukirik gabeko troll digital bihurtzen da. Profil feministei eraso egiten die sarean, pseudonimo baten itzalpean.

Live Stensvaag umoregileak krisialdi bat izango du eszenatokian eta sarean izandako erreakzioaren ondorioz, hacker talde batek Tomen benetako identitatea argitara aterako du. Horrek zalaparta handia eragingo du, eta presio publikoarekin izututa, familiaren dendan aurkituko duen mozorroa erabiliko du emakumez janzteko. Hortik aurrera biziko dituen esperientziak direla eta, bere aurreiritzi sexistei aurre egiten beharko die.

Thomas Seeberg Torjuseenek zuzendu du telesaila eta hark kontatu duenez, duela hamar urte baino gehiago sortu zitzaion ideia, Interneteko foroetan eta plataforma digitaletan irakurtzen zituen iruzkin misoginoen kopurua ikusita. 

Aipatzekoa da Anders Baasmo aktorearen lana ere, Canneseries jaialdian garaikurra jaso zuena telesailan egindako lanagatik. Jakinarazi dutenez, aktoreak ez du sare sozialik eta, beraz, mundu horretan murgiltzeko parada eman dio fikzioak.