Sare sozialetako erronka biralek dituzten arriskuak: "metro surfing"-a egiteagatik hil diren gazteak

Metroa martxan dela gainean ibiltzeko joera aspalditik dator, baina azkenaldian areagotzen ari da sare sozialetarako bideo ikusgarriak sortzeko grina dela eta.

Bi nerabe tren bagoi baten gainean hilik topatu zituzten joan den hilean New Yorken. 12 eta 13 urteko gazteak subway surfing ("metro surfa") egiten ari ziren. Joera honen jarratzaileek mugimenduan dagoen metro bagoi baten gainera edo kanpoaldera salto egiten dute, eta bertan bidaiatzen dute. Interneten biral bilakatuko zen bideoa grabatzea zen gaztetxoen asmoa.

New Yorkeko metroa 1904an inauguratu zuten eta orduz geroztik bagoi gainetan edo tarteetan bidaiatu izan dutenen istripuak izan dira. Kontua da, ordea, TikTok, Instagram edota Snapchaten zabaltzeko bideo "erakargarriak" sortzearen nahiak joera hau areagotu egin duela azkenaldian. Gainera, erronkaren adrelaninak, bideoa biral egiteak eta ospea lortzeak interesa pizten die askori. 

Ez da txantxetako kontua, arrisku handiko jarduera baita. Trenbidera erori, edota tunelen edo bestelako egituren kontra jotzeko arriskua dago. Horretaz gain, hirugarren errailean izaten den tentsio altuko korronte elektrikoarekin elektrokutatzea ere gerta daiteke.

New Yorkeko poliziak emandako datuen arabera, 2018tik 2022ra bitarte bost hildako izan ziren subway surfing egiteagatik. Azken hiru urteotan gora egin du hildakoen kopuruak: 2023an bost lagun hil ziren, 2024an sei, eta aurten hiru behintzat izan dira orain arte. 

2023an 135 lagun atxilotu zituzten praktika horiengatik, eta 2024an 229. Aurtengo lehen sei hilabeteetan 128 atxilotu omen dituzte. Gehienak 13 eta 17 urte arteko mutilak izaten dira, baina 9 urtekoak ere izan omen dira tartean.

Kontzientziazio beharra
Joera hau ikusita, metro sareko eta hiriko agintaritzak Subway Surfing Kills – Ride Inside, Stay Alive (Metro surfak hil egiten du  – Barruan bidaiatu, bizirik iraun)" kanpaina jarri zuen martxan 2023an. Geltoki eta bagoietan  "sabaira igotzea ez da surfa, suizidioa da" adierazten duten iragarki eta kartelak jarri dituzte. 

Metro sareak TikTok, Youtube eta Instagram-ekin ere bat egin omen du halako jarrerak bultzatzen dituzten bideoak ezabatzeko. Aurtengo ekainera bitarte, 1.800 argitalpen kendu omen dituzte sareetan. Dronak ere erabiltzen omen dituzte trenak kontrolatu eta halako kasuak antzemateko.

Konponbide teknikoak ere aztertzen ari dira, bidaiariek bagoien sabaietara jotzerik izan ez dezaten: bagoi artean gomazko tutuak jartzea, adimen artifiziala duten sentsoreak ipintzea, edota bagoi tarteetako ateak ixtea. Aukera horiek kalteak ere sor ditzakete, ordea, larrialdi batean jendea bertatik ateratzea oztopa dezaketelako, eta, horretaz gain, diru-inbertsioa ere eskatuko luke.