Sare sozialak astebetez gutxiago erabiltzeak osasun mentalean duen eragina aztertu dute

Hobekuntza nabaritu dute zenbait alorretan, bakardadean eraginik izan ez duen arren.

JAMA Networ Open-ek sare sozialak erabiltzean gazteen osasun mentalean duen eraginaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak argitaratu ditu. Estatu Batuetako 18 eta 24 urte arteko gazteei sare sozialen kontsumoa murrizteko eskatu zieten astebetez, antsietate, depresio edo insomnio maila jaisten ote zen ikusteko. 

373 gaztek parte hartu zuten ikerketan. Bi astez Facebook, Instagram, Snapchat, TikTok eta X erabili zituzten eta ondoren astebetez, hala nahi zuenak, sareen erabilera murriztu zuen. Astebeteko tarte horretan antsietate sintomak % 16,1  gutxitu ziren, depresioarenak % 24,8, eta insomnioarenak % 14,5. Hala ere, bakardadean ez du aldaketa handirik eragin. 

Sare sozialak saihestu zituzten eta bi orduko erabileratik ordu erdikora igaro ziren, baina, hala ere, mugikorra gehixeago erabili zuten, % 4,5. Horretaz gain, etxean denbora gehixeago egon ziren. 

Hortaz, tarte horretan mugikorreko bestelako aplikazioak erabili zituzten, mezularitza, Interneta edo jolasak. Baina, hala ere, gazteen osasun mentalak hobera egin zuen. Beraz, badirudi pantailak baino, haien erabilerak duela zerikusia, aditu askok nabarmendu izan duen bezala.

Emaitzen erakusten dute astebetez sare sozialak gutxiago erabiltzeak osasun mentalaren egoera hobetzen duela gazteengan. Hala ere, horren iraupenak eta jokabideekin duen loturak ikerketa handiagoa egitea eskatuko luke.