Sara, Bera eta Lesaka zeharkatuko ditu Jalgi Hadi Garaipenera gazte martxak
Apirilaren 6tik 7ra bitarte izango da eta, hilaren 8an, Independentistak sareak Iruñean deitutako Aberri Egunarekin bat egingo dute gazteek.
Jalgi Hadi Garaipenera mugimenduko kideek 2012ko gazte martxan parte hartzeko gonbitea luzatu dute, "gozatuz ikasteko eta ikasiz gozatzeko". Saratik abiatuko da apirilaren 6an eta Lesakara helduko da hurrengo egunean, Beran ere geldialdia egin ostean.
Nafarroako konkistaren 500. urteurrenak presentzia handia izango du aurtengo ekimen gaztean. "Gure herria inbaditu eta zatikatu zutenetik 500 urte pasa diren honetan, askatasunerako bidea, inposatutako kateak apurtzeko aukera, inoiz baino gertuago daukagula sinetsita gaude", dio adierazpenak. "Mugak hautsiz, Saratik eta Lesakaraino, pausoz pauso askatasuna irudikatuko dugu gazteok. Herri bat bazen, eta herri bat bada, mila ahotsez, mila proiektuz, mila pausu emanez askatuko dugun herria".
Borobiltzeko, hirugarren egunean apirilaren 8an Iruñeara jotzeko deia egin dute, bertan Independentistak sareak ospatuko duen Aberri Egunarekin bat egiteko. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena ez ezik, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena ere izango dute gogoan ekitaldi honetan, 2012ak "garrantzi sinboliko handia" baitu.