Santu parrandazaleak
Bai, parrandazale ederrak dira santuak. Euskal Herriko udako jai zerrendari erreparatu besterik ez dago. Nor da parrandazaleena? San Joan.
Maiatza bukaeratik urria hasierara bitartean 45 bat santu eta birjin parrandan ibiltzen dira Euskal Herrian. Parrandazalerik goiztiarrena San Maximo da eta maiatzaren 29a inguruan ez da Leioatik ateratzen. San Miguel, berriz, azkenekoa da, baina herri sorta ederrean ibili ohi da dantzan eta saltoka.
Zalantzarik gabe, zaindaririk parrandazaleena San Joan da. Zaindari hau ere goiz samar ateratzen da kalera, eta ekainaren 23ko gauean su gainetik salto egitea gustatzen zaio. San Joanek balentria ederra egin ohi du: bospasei egunetan Euskal Herriko 90 bat herritan ibiltzen da, Barañainen, Arizkunen, Eibarren, Pasai Donibanen, Hernanin edo Mungian, besteak beste. Zaila da inork marka hori apurtzea. Ez dakigu herriz-herri ibili ondoren nolako gorputzaldia izango duen, baina susmoa dugu urtero ez ote dituen gero egun batzuk ematen Zestoako bainuetxean...
San Joanen ondoren, Ama Birjina dator. Guztira, abuztu erdialdean, 75 bat herritan parranda egiten du: Azkoitia, Donostia, Trebiño, Baiona...
Hirugarrena San Pedro da. 60tik gora herri eta auzotan ikusi ohi dute dantzaldietan: Elantxobe, Dima, Hazparne...
Zeintzuk dira zintzoenak? Lehen esan bezala, San Maximok jai bakarra egiten du udan, Leioan. San Justo eta San Kaietano ere herri banatan ibiltzen dira parrandan. Fustiñanan, abuztuaren 6a aldera, lehena, eta Aian, bigarrena, egun bat beranduago.
Santurik gabeko jaiak
Ia herri guztietan festak zaindarien aitzakietan ospatzen dira. Ez denak, ordea. Auskalo, beharbada erlijio kontuak ez dituzte oso gustuko, baina zenbait herrietako eta auzoetako jaiek ez dute zaindaririk. Guk Donostiako Egiako Porrontxoak nabarmenduko ditugu; iraila erdialdean ospatzen dira.