Santa Graziko gazteak, 2011ko maskaradaren gidari
Otsailaren 6an hasita eta maiatzaren 15era arte, maskaradak Zuberoa osoa zeharkatuko du. Aurten, Santa Graziko gazteei egokitu zaie ardura eta, orotara, hamabost emanaldi aurreikusi dituzte.
Santagraztarrek 1994an antolatu zuten, azkenezkoz, maskarada. 17 urte geroago, berriz ere, 8 eta 28 urte arteko 30 gazte santagraztar ariko dira 14 herritan. Kasik urtebete daramate ikuskizuna prestatzen, baina antza, ez da lan erraza izan, adierazi dutenaren arabera zailtasun handiak ukan baitituzte euskaldun gazteak erakartzeko. Dena dela, pozik daude, iaz Larrainen gertatu bezala, aurten ere sekula baino neska gehiagok parte hartuko dute eta.
Ohiturari jarraikiz, lehen eta azken emanaldia beren herrian Santa Grazin eskainiko dute, baina beste 13 plaza ere bisitatuko dituzte. Betiko legez, maskarada goizeko 10:00ak aldean hasiko da herri guztietan karrikako barrikadekin. Ikusgarri nagusia, ordea, 16:00etan iraganen da.
Dantza ikusgarria eta predikua uztartzen dituen inauteri besta da maskarada. Zuberotarrak kostaldera emigratzearekin batera eten zen, baina berriki berriz hasi dira bizi-bizi tradizioa eta modernitatea nahasten jakin duten bertako gazteei esker. GAZTEZULOn iaz kaleratu genuen maskaradari buruzko artikulua.
Hau da Zuberoako gazteek 2011ko maskaradarako aurreikusita duten egutegia:
Otsailak 6: Santa Grazi
Otsailak 13: Altzai
Otsailak 27: Arrokiaga
Martxoak 6: Atharratze
Martxoak 12: Idauze
Martxoak 13: Ligi
Martxoak 20: Iruri
Martxoak 27: Urdiñarbe
Apirilak 3: Aloze
Apirilak 10: Hoki (Sohüta)
Apirilak 17: Altzürüku
Apirilak 24: Barkoxe
Maiatzak 1: Larraine
Maiatzak 8: Gamere-Zihiga
Maiatzak 15: Santa Grazi