Iruñeko sanferminetako egitarauaren berri ematen duen aplikazioa sortu dute bi gaztek

Ekintzak non dauden jakin, eta, nahi izanez gero, gogokoenak hasi baino lehenago abisua jasoko duzu.

Iruñeko sanfermin jaiak hasi dira eta egunero ekintza ugari izaten dira hiriko hainbat kokalekutan. Hori dela eta, Ana Añorbe eta Fermin Catalanek Andestaran izeneko aplikazioa sortu dute, bertako herritarrek zein bisitariek une oro zer dagoen jakin dezaten. Mugikorrerako aplikazioari esker, festetako egitarau ofiziala jarraitu daiteke, denbora errealean, mapa interaktibo baten bidez.

Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren eta La Pamplonesa musika bandaren unean uneko geolokalizazioa erakutsiko du, besteak beste, proiekturako berariaz garatutako GPS gailuak erabiliz. Hala, erabiltzaileak interesatzen zaionaren arrastoa jarraitu ahal izango du aplikazioari begiratuta, webguneetan edota bestelako dokumentuetan bila ibili beharrik gabe.

Norbera dagoen tokitik gertu zer dagoen, eta kontzertuak, haurrentzako jarduerak, eta bestelakoak non dauden jakingo dute. Gainera, kategorien edo daten arabera egin daiteke bilaketa, interesatzen dena errazago topatze aldera. Ekintzak hasi baino ordu-erdi lehenago agertuko dira mapan, eta bertan jarraituko dute martxan diren bitartean. 

Horretaz gain, ekitaldi gustukoenen zerrenda ere osa daiteke. Horiek markatu eta erabiltzaileak abisua edo jakinarazpena jasoko du hasiera baino bost, hamabost edo hogeita hamar minutu lehenago. 

Bestetik, informazioa eguneratuko du aplikazioak eta ekintza bat atzeratu, ordutegia aldatu edo bertan behera geratu bada, bertan jasoko dute eta alerta jarri dutenei jakinaraziko zaie. Horrekin batera, komunak, intereseko guneak eta objektu galduen zerbitzuaren kokapena ere ematen du.

Aplikazioa doakoa da eta Android zein iOS gailuetan erabil daiteke, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.