Sandwich bat Rayoko emakume futbolarientzat

Lehen mailako emakume jokalarien afariak polemika piztu du.

Urdaiazpiko ala indioilar sandwich bat eta bi sagar. Hori da Rayo Vallecanoko emakume jokalariek Levanteren aurka jolastu ondoren jaso zuten afaria. Protesta moduan, gaur arratsaldean Donostian Errealaren aurka jokatu behar duten partidura ez etortzekotan izan dira, baina kontratuak behartuta, azkenean partida jokatuko dute. Halere, litekeena da protestaren bat egitea.

Rayoko emakume jokalariak denbora daramate beren klubaren aurka protestan, lan baldintza kaxkarrengatik; Valentziako partiduaren ondoren jaso zuten afari eskasak protestak indartu ditu, jokalariek salatu dutenez, afariak ez zuelako partidu paten ondoren behar diren elikagai eta energiak berreskuratzeko balio.

Rayoko klubeko mediku zerbitzuen zuzendari José González Pérezek adierazi du afariak "partiduaren ondoren errekuperatzeko beharrezko elikagai guztiak" zituela; bere aldetik, jokalariak saiatu dira afari "xume" horri alternatibak bilatzen, eta beren etxetik afaria eramatera ere prest agertu dira, baina klubak ezezkoa eman die, hain zuzen, klubak erabakitzen duelako zer jaten duten. Inguruko jatetxe batera joatea ere baztertu dute, COVID-19arengatik.

Afariena ez da Rayoko emakume jokalariek jasan duten kontu bakarra; azken nominak berandu kobratu dituzte, eta entrenatzeko ordutegi txarrenak dituzte. Hain zuzen, Rayoko hainbat gizon jokalari emakumeen alde agertu dira; José Ángel Pozo jokalariak adierazi du afari hori eskaintzea "lotsagarria" dela: "Uste dut inork ez duela afari hori merezi, ez haiek bezalako jokalari profesionalek ezta haurrek ere".