Sandra Grisales: “"Medellingo langile auzoetan gure eskubideak sistematikoki urratzen dira”"

Sandra Milena Grisales kolonbiarra Komite Internazionalisten eskutik heldu da Euskal Herrira, eta Donostian, Bilbon eta Iruñean hitzaldi bana eman du emakumeek bere herrialdean bizi duten egoeraren berri zabaltzeko. Medellingo Itza kolektibo feministako kidea da, eta Red Juvenil izeneko gazte taldekoekin ere dihardu lanean indarkeriaz josiriko errealitate matxista iraultze aldera.


Zer moduzkoa izan da harrera Euskal Herrian?
Oso ona. Hemengo jendeak interes handia erakutsi du Red Juvenil-etik eta Itza taldetik martxan jartzen ditugun ekimenekiko. Gainera, ekarpen garrantzitsuak jaso ditugu gure proiektua hobetzeko.

Zein da Kolonbiako emakumeek eta zehazki Medellingoek bizi duzuen errealitatea?

Medellingo langile auzoetan emakumeon eskubideak egunero eta sistematikoki urratzen dira. Gero eta gehiago dira indarkeria sexuala, genero indarkeria, esplotazio sexuala, prekarietatea eta gainerako indarkeria molde instituzional, sozial, ekonomiko eta psikologikoak salatzen dituzten emakumeak. Hau guztia Kolonbiak bizi duen gatazka sozial eta armatuaren testuinguruan kokatu behar dugu. Aktore armatuen (legalak nahiz ilegalak) arteko konfrontazioaren erdian, emakumeok ahulagoak gara bazterkeriaren, pobreziaren eta aukera faltaren aurrean.

Zein da instituzioen erantzuna?

Militarizazioa. Baina ustez hilketak, estortsioak eta droga trafikoa etetera bideratutako segurtasun estrategia honek arriskuan jartzen du emakumeon bizitza; gure mugikortasuna mugatzen du, eta sexu  eta ugalketa eskubideak bortxatzen dizkigu. Bizitza zibil militarizatuaren testuinguru honetan, neska gazteei jokabide kode jakin batzuk ezartzen zaizkie, euren sexualitatearen eta gorputzaren gaineko kontrola bilatzen dutenak. Emakume helduek, bestalde, indarkeria patriarkala jasaten dute euren etxeetan, eta jakina, beren gain hartzen dute etxeko lanen zama osoa.

Zertan desberdintzen da Euskal Herriko egoeraz?

Tira, matxismoa edo patriarkatua auzi globala dela uste dugu guk. Horregatik, tokian tokiko baldintza ekonomiko, politiko eta sozialek markatzen dute herrialde batean eta bestean emakumeek bizi dituzten egoeren arteko aldea. Guk patriarkatuari pobreziaren, bazterkeriaren eta indarkeriaren kuota gehitu behar diogu.

Zuenean amatasuna lehenago heldu ohi da. Zeintzuk dira horren kausak eta ondorioak?

Batzuek uste dute haur bat ekartzea bikotekidea bizitza osorako alboan edukitzeko modua dela. Baina emaitza oso bestelakoa izaten da: nagusiki, ikasketak alboratzea.

Zeintzuk dira zuen helburu garrantzitsuenak?

Emakumeok eta emakumeontzat abiatutako ekimena da. Gure sexu eta ugalketa eskubideak aldarrikatzen ditugu, gure emantzipazioa, eta babes juridikoa exijitzen dugu bide horretan.

Eta hori lortzeko lanabesak?

Ekintza zuzenak batetik: manifestazioak, elkarretaratzeak, plantoak... Eta, bestetik, langile auzoetan antolatzen ditugun eskola feministak, eta bereziki, gaztetxoekin egiten dugun kontzientziazio lana.

Gizonek ere parte hartzen al dute honetan?

Ez. Lan hau guk egin behar dugula uste dugu, gure "ni"-tik eta gure generotik. Era berean, soilik gizonei dagokie gizontasun molde berriak indartzeko ardura. Beraiekin dugun elkarlana, ordea, beste plano batzuetan kokatzen da: eguneroko bizitzan, bestelako Kolonbia bat eraikitzeko ahaleginean.

Etorkizunari begira, irrikaren bat?

Itza kolektiboari dagokionean, gure eskolan gero eta emakume gehiago biltzea gustatuko litzaidake, eta emakumeon liburutegia osatu ahal izatea. Modu orokorragoan hitz eginda, espero dut emakumeok dagokigun eta zor zaigun tokia aurkitzea Kolonbian eta mundu osoan. Errespeta gaitzatela eta onar dadila subjektu kritiko eta politiko gisa dugun gaitasuna. Emantzipazioa, azken batean.