Sandra Garayoaren ilustrazioekin osatutako erakusketa zabaldu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Abenduaren 11ra arte ikusi ahal izango dira donostiarraren ilustrazioak.

Hiru hilabetero, irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak eta, oraingoan, Sandra Garayoaren txanda da. Bere ilustrazioak ikusi ahal izango dira abenduaren 11ra bitarte, Aiete Kultur Etxean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "olio-pastelak, argizariak, koloretako arkatzak eta grafitoa erabiltzen du bere marrazkietan, eta emaitza trazu espresibo eta sendoak, forma organikoak eta koloretako orbanak dituen lana da. Bozetoak egitea saihesten du eta aldez aurretik gehiegi pentsatu gabe marraztea gustatzen zaio, ilustrazio espontaneoagoak eta zuzenagoak lortzeko". 

Sandra Garayoak (Donostia, 1993) Diseinu Grafikoko Goi Mailako zikloa egin zuen eta Bartzelonako Escola Massanan ere ikasi zuen. Diskoetako azalak diseinatzen, kartelgintzan, eta animaziozko filmeetan egin izan du lan eta, gaur egun, haur eta gazte literaturaren eta narraziogintzaren esparruan ari da. 2020an, Etxepare Saria irabazi zuen Itziar Otegirekin batera sortutako Lorerik Gorriena (Pamiela, 2020) albumarekin. Berria egunkariko Mantangorri gehigarrian ere kolaboratzen du hilero.

Bakarkako eta taldekako erakusketetan parte hartu izan du, hala nola Leihoak zabalik izenekoan, Donostiako Okendo kultur etxean, eta Valentziako Carmen Kulturunean egin zen BABAKAMO Babalunga i Kamalongos erakusketan. Sari eta aipamen ugari ere jaso ditu. Etxepare Sariaz gain, 2022ko Boloniako Haur Liburuaren Azokan egin zen ilustratzaileen erakusketarako hautaketan finalista izan zen, eta iaz Iberoamerica Ilustra izeneko katalogorako hautatu zuten. 2020ko Irudika Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionaleko ohorezko aipamena jaso zuen Haur eta Gazte Literaturaren atalean, eta 2017an Ilustrazioko Eva Toldrá Ilustrazio Sarietan kategoria orokorreko lehenengo saria jaso zuen eta Junceda Sarietako etorkizuneko sortzaileen kategoriako finalista izan zen 2018an.