Saioa Alkaizak irabazi du Sahararen aldeko bertsopaper lehiaketa

'Sahara Isiltasun Konplizerik Gabe' bertso-sorta sentsibilitatez betetakoa dela azpimarratu du epaimahaiak.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak Espoliazioaren aurkako artea proiektua jarri zuen martxan udaberrian. Alde batetik, maiatzean eta ekainean boluntarioekin eta lagunekin batera horma-irudi erraldoia sortu eta margotu dute, Gasteizko Zaramaga auzoko Mendoza kaleko 16. zenbakian.

Beste aldetik, espoliazioaren gaiarekin lotuta, martxoan bertsopaper lehiaketa jarri zuten martxan Arabako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. Hainbat bertso-eskoletan hitzaldiak eman zituzten jendea parte hartzera animatzeko, eta maiatzaren amaierarako ia dozena bat bertso-sorta iritsi ziren.

Lan horien guztien artean Saioa Alkaizaren Sahara Isiltasun Konplizerik Gabe bertso-sortari eman dio saria epaimahaiak. "Sentsibilitatez beteriko bertsoak" direla nabarmendu dute. Alkaizak txapela dotorea eta Tindouferako bidaia eskuratuko ditu.

Gaur horma-irudia inauguratuko dute, 18:30ean, eta irabazleari saria eta txapela emango diote. Ondoren, Julio Soto, Paula Amilburu, Miren Artetxe, eta Unai Anda bertsolarien saioa izango da. Eta, azkenik, musikarekin borobilduko dute ekitaldia.