Saia Goait: “Komunikabideetan Eusko Labela duten produktuen iragarkiak proiektatzen dizkigute, baina bertan egiten den kulturaren aipamenik ez da egiten”
Saia Goait Mutrikun jaiotako taldea da. Keike, Kraussk edo Karenka bezalako taldeen errautsetatik sortu da helburu bakar batekin: euren zuzeneko biziekin hurbiltzen den oro saltoka jartzea. Rockaren gordintasunari ahots indartsu eta guturala gehitzen zaio taldearen abestiei emaitza ezin indartsuagoa emanez. Beraiekin mintzatzeaz gain euren bideoklip berria esklusiban estreinatzeko ohorea eman digute. Irakurri, entzun eta batez ere gozatu.
Sei abestiko EP luzea edo disko laburra argitaratu duzue aurten, esan beharrekoa apaindura gehiegirik gabe esatearen aldekoak zarete?
Taldea sortu genuenetik oso argi geneukan eman behar genituen pausoak eta denborak zeintzuk izan behar ziren. Pauso horietako bat disko bat grabatzea zen eta urte bete oholtza desberdinetan gure abesti propioekin osatutako kontzertuak eskaini ostean, abesti zuzenenekin osatu genuen diskoa. Ez genuen nahi 10 abestiko disko klasiko bat, abesti gogor, instrumental eta baladez osatzen diren horietakoak.
EP Luzea ala disko laburra den erantzun behar badugu, disko laburra dela esan dezakegu. Azkar bukatu denaren sentsazioak asko esan nahi du.
Zer aurkituko du entzuleak bertan?
Gaur egun Saia Goait denaren erradiografia bat besterik ez da disko hau. Esan dezakegu abesti guztiak desberdinak direla, abesti bakoitzean estilo bat baino gehiago uztartzen baititugu. Konposizio aldetik, diskoa “rock gogorraren” ardatzaren inguruan dagoela esan daiteke, uneoro ahotsei presentzia handia emanez.
Ez zarete hasiberriak, aurretik Keike, Kraussk edo Karenka bezalako taldeetan arituak zarete. Zer dela eta erabaki duzue orain Saia Goait sortzea?
Herri txikien xarmak ahalbidetu du laurok batzea. Talde desberdinetakoak eta adin desberdinetakoak izan arren, guztiok Mutrikun bizi eta Mutrikuko Rock Kolektiboko entsegu lokaletatik entseatu izan dugu. Momentu jakin batean denok talde gabe aurkitzen ginela aprobetxatuaz, saltsa honetan murgildu ginen.
Nondik dator Saia Goait izena?
Ia talde gehienek izaten dituzte buruhausteak izena aukeratzeko orduan. Saia, putrea bezala ezagunagoa, animali sarraskijale bat da, funtsezkoa naturaren zikloan eta Goait ostera iparraldean erabiltzen den hitz bat da, «esperoan» esan nahi duena. Taldea identifikatzeko irudi bat nahi genuen, sonoritate berezi izango zuena eta esanahi bat zuena horren atzean, eta uste dugu lortu dugula.
Grabazioa AME estudioetan egin duzue Axular Arizmendirekin, nola joan zen?
Betidanik ezagutzen dugun laguna da Axular eta teknikari bezala profesional aparta. Argi geneukan gure lehen lana berarekin grabatuko genuela eta oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Etxean eta etxekoekin. Sekulako lagun eta profesionalak izan ditugu eta ditugu beti alboan: Axular, Wendi, Eneko, Danel Eizagirre eta Aritz “Begipuntuan”. Lagun apartak guztiak eta hauen babes eta laguntzarekin erraza da bidea.
Zein izan dira abestiak sortzerako orduan zuen erreferenteak?
Esango genuke ez dugula erreferentzia zuzenik konposatzerako orduan. Konposizio bidea urte bete pasakoa izan da eta etengabe ari gara musika entzuten eta talde berriak ezagutzen. Bakoitzari unean entzuten dugun musikak eragiten digu.
Zerk inspiratzen zaituzte?
Gure abestietan letren mezuari garrantzia berezia ematen diogu. Inguruan, munduan eta gure barnean gertatzen diren eta kezkatzen gaituen horri idazten diogu. Inspirazioa zerbait esan, oihukatu, kritikatu edo gure burua askatu nahi dugun horren eskutik dator.
Zuen ustez zein dira abesti on batek osagaiak?
Abesti on bat momentu bat gogorarazten dizun abestia da, kotxean topera jarri eta eguneko gertakari txar denak ahazten laguntzen dizuna da, kontzertu baten lagunari sorbaldatik heldu eta berarekin batera abesten duzun abestia da. Hauetako momentu bat sortu bada gure abesti bat entzutean, ez da seinale txarra.
Euskara hutsez abesten duzue, egungo joera talde berrietan bietara, edo zuzenean erdaraz abestea denean, zergatik?
Euskaraz abestea gatozen lekutik etorrita zerbait naturala da. Ez da hautaketa bat izan guretzat, errealitate bat baino. Beste talde batzuk ez dakigu zer arrazoiengatik pasatzen diren beste hizkuntzetara, hori beraiei galdetu beharko zaie; baina aurrean dugun pertsona konkistatzeko gure hizkuntza, musika estiloa, itxurak eta abar aldatu behar baditugu gaizki goaz.
Iruditzen al zaizue talde hasiberriei behar dituzten aukerak ematen zaizkiela?
Ez. Egoera oso prekarioan dagoela esango nuke musika eszena. Eta hori, inoiz baino kalitate altuagoko taldeak egonda, trapetik hasi, rock eta jazzeraino. Komunikabideetan Eusko Labela duten eta 0 km-ko produktuen iragarkiak etengabe proiektatzen dizkigute, baina bertan egiten den kulturaren aipamenik ez da egiten eta egiten den apurra oso gutxi da. Zure “produktua” ez bada azaltzen hor, oso zaila da ondoren publikoari ezagutaraztea eta baldintza txukunetan lan egitea.
Euskal metal eszenarik ba al dago?
Metal eszena existitzen da eta aukera eta kalitate bikaina dago. Egia da gaur egun beste musika estilo batzuk hartu dutela indarra gazteen artean, baina metala bizirik dagoela uste dugu. Gure kasuan ez dakiguna da metal eszenako talde bat garen ala ez. Dena den gustura asko joango ginateke musika mota horietako jaialdietara jotzera, estilo desberdinak jorratzen dituzten taldeekin oholtza partekatzea atsegin dugu.
Nolakoak dira Saia Goaiten zuzenekoak?
Zuzeneko talde bat garela argi daukagu. Gure kontzertuak zuzenak, gordinak eta biziak dira. Asteko osti txar guztia bertan botatzen dugu, baina beti ere jai giro on baten barruan. Publikoari hori transmititzen diogula uste dugu.
Bideoklip bat ere argitaratu duzue, garrantzitsuak al dira euskarri bisualak musika zabaltzerako garaian?
Baiezkoan gaude. Halere, nahiz eta gaur egun baliabide eta aukera asko izan, beti ez da posible izaten talde hasi berri batentzat honelako lanak egitea, bere denbora eta dirua dedikatu behar baitzaie honelako jarduerei. Gure kasuan, beste behin ere, Eneko Elezgarairen laguntza izan dugu hau aurrera ateratzeko eta oso lan ederra egin du. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.
Etorkizunera begira zein dira zuen asmoak?
Beti buruan izan ditugun gaztetxe, musika jaialdi edo festetan jotzea asko gustatuko litzaiguke, horiek baitira gure gustuko lekuak. Aukeraren bat izanda, atzerrira joatea ere gustatuko litzaiguke, gure mugetatik kanpo. Dena bere momentuan iritsiko dira poliki-poliki eta bitartean guk gurera jarraituko dugu, abesti berriak sortzen eta kontzertu bakoitzean sua pizten.
Saia Goait zuzenean ikusteko gogoz geratu bazara bada non aukeratu. Hemen data batzuk:
Abenduak 6: Plaza beltza kultur gunea, Sopela. Sharon Stoner taldearekin batera.
Abenduak 7: Ahotsenean, Durango. Arratsaldeko 17:00etan. Bestalde euren diskoa Musikazuzenean Standean aurkitu ahal izango da Durangoko Azokan.
Urtarrilak 24: Katxetas, Lizarra.
Otsailak 15: Andoaingo Gaztetxean.
Otsailak 28: Infernu tabernan, Iruña.