'Sagastitarrak' antzezlana estreinatuko da gaur Donostian

Gaurtik larunbatera bitartean ikusi ahal izango da familia burges baten eta alaba feministaren inguruko obra hau.

Txalo Produkzioak konpainiak Sagastitarrak antzezlana estreinatuko du gaur Donostiako Antzoki Zaharrean. Goi-burgesiako familia baten inguruko kontuak ditu ardatz lanak.

Sagastitarren familiako alaba da Ane, giza-ekintzaile feminista. Lehen abizena aldatzea erabakiko du, bere amarenaren alde egiteko. Hala dio berak: "Patriarkatuarekin ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean". Aitak, Anton Sagastik, ez du ulertuko eskualdean tradizio haundia duen Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Ahal duen guztia egingo du, amarruak eta martingalak erabiliz, alabak atzera egin dezan.

Ramon Madaula da obraren egilea, eta Martin Agirrek ekarri du euskarara. Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendu du. Antzezleak Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri dira.

Gaurko emanaldia zortzietan izango da, eta bihar eta etzi ere eskainiko dute obra, ordu berean. Sarrerak hemen eros daitezke.