Ryan Reynolds: Desioaren gorputza

Neskek barrea eragiten dieten mutilak gogoko dituztela diote. Baina gero zozongo erakargarriekin joaten dira. Graziosoa izateaz gain, ontza ederreko txokolate tableta badu, hobeto, ezta?



Halakoxea zen Van Wilder (2002), unibertsitatean zazpi urte festarik festa zeramatzan alproja. Bizitza sozial oparoa, ohe kontuetan iaioa eta tipo umoretsua. Eta noski, paperak Tara Reid aktorea konkistatzeko ere balio izan zion Ryan Reynoldsi.

Iparramerikako txutxu-mutxu aldizkarien azalera eramango zuena, baina, Alanis Morrissette izan zen. Kantaria momenturik onenean zegoen eta Reynolds famaren oholtzara igo zuen. Orduan etorriko zen Blade: Trinity (2004). Hannibal King gorpuzteko irabazitako hamabi gihar kiloek eta Wesley Snipes bere onetik ateratzen zuten txisteek akziozko filmetarako hautagai nagusi bihurtu zuten, Smokin' Aces (2006) kasu. Ryan gero eta kotizatuagoa zegoen bitartean, Alanisek gainbehera hasia zuen, eta ezkontza kanpaiak behin baino gehiagotan entzun ziren arren, 2007an banandu zen bikotea.

Ezkongabe, Hollywoodeko gizonik desiratuena ilehori erakargarri batekin harrapatu zuten paparazziek. Nola ez, Hollywoodeko emakumerik desiratuenetakoa behar zuen izan. Urtebete igaro orduko ezkondu ziren Reynolds eta Scarlett Johansson. 2009an, famaren olatua probestuz, X-Men Origins: Wolverine superheroi filma, The Proposal komedia erromantikoa Sandra Bullocken alboan eta Adventureland komedia ganberroa egin zituen. 

Beti ezin ondo pasa, ordea. 2010a urte gogorra izan zen aktorearentzat. Hasteko, Buried filmean ordu eta erdi pasatu zituen hilkutxa batean, lurpean, metxeroa eta telefono mugikorra lagun bakar zituela. Lan fisiko gutxi eta barre gutxiago. Ezinegona, sufrimendua eta desesperazioa. Kritikaren laudorioak jaso zituen. Prentsa arrosean, baina, ez zen hitz ederrik izan, eta urte amaieran banatu ziren Reynolds eta Johansson. Hala ere, People aldizkariak munduko gizonik sexiena izendatu berri, bere baliabideetan konfiantza berreskuratu eta hilabete honetan Green Lantern superheroi ahalguztidunaren azalean ikusiko dugu. Noski, horrek edonoren autoestimua igo dezake, Agnes Fischer modelo alemaniarra liluratzeko beste.

Nortasun Agiria


Izena: Ryan Rodney Reynolds
Jaioteguna: 1976-10-23
Jaiolekua: Vancouver (Kanada)
Ezizena: The Body
Musikari gustukoena: Neil Young
Aktore kuttuna: Steve Martin
Hiri maiteena: Amsterdam
Maite du: Motoan ibiltzea eta urpekaritza
Gorroto ditu: Emakume erretzaileak