Ruper Ordorikaren kontzertua Iruñean igandean
Kubako giroa duten azken diskoko kantuak aurkeztuko ditu Ordorikak emanaldi honetan.
Iruñeko Baluarteko Ganbera Aretoak Ruper Ordorika abeslariaren kontzertua hartuko du igandean, abenduak 12, 19:00etan. Oñatiko kantautoreak zuzenean aurkeztuko du Amour eta Toujour izeneko diska berria.
Ruper Ordorikak ibilbide luzea du musikagintzan eta hainbat disko kaleratu ditu. Guria ostatuan argitaratu eta bost urtera ondu du entzulea Kubara gerturatzen duen Amor eta Toujour lan berria. “Amour eta toujour lako errimak zaborretara abesten nuen Sarrionandiaren Kantuaren gauza galdua-n. Hortik heldu zitzaidan izenburua. Frantziar klasikoetan ia esamoldea da amour et toujour, errima eta topikoa. Niretzat son kubatarra, bere errima eta irudi fantastikoekin, kantagintzaren muin-muinean dagoen kanta moldea da", azaldu du Ordorikak. Ezin izan du hamaika kantudun diskoa Kuban grabatu, baina Kubako musikariek eta aspaldiko lagunek parte hartu dute grabazioan: Yaroldy Abreu (perkusioa), Eddy de Armas (tronpeta), Nando de la Casa (teklatuak eta giroak), Lino Lores (kontrabaxua, tres kubatarra, gitarra), Dani Perez (gitarrak) eta Kenny Wollesen (bateria, vibrafonoa). Ekoizpenaz, berriz, Alberto de la Casa arduratu da.
Aurkezpenerako Mugalaris taldearekin arituko da Ordorika. Arkaitz Miner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira (baxua) eta Hasier Oleaga (bateria) arituko dira oholtza gainean, eta baita Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak) ere.
Sarrerak 15 eurotan eskura daitezke online edota Baluarteko txarteldegian.
