'Robot dreams' animaziozko filmari buruzko erakusketa inauguratuko du bihar Bilboko Fant jaialdiak
Kike Infame ilustratzaileak moderatutako mahai-ingurua eta bisita gidatua ere egingo dute irekierarekin batera.
FANT – Zinemaldi Fantastikoak 30. urteurrena beteko du aurten eta aitzakia horrekin hainbat jarduera egingo dituzte. Horietako bat izango da Robot Dreams, amets bat marrazten erakusketa, bihartik hilaren 26ra bitarte zabalik egongo dena, La Bolsa udaltegian.
Pablo Bergerrek zuzendutako Robot Dreams animazio filmaren sormen prozesuari eskainitako erakusketa da eta sorkuntzaren faseak aztertzen ditu. Sara Varon ilustratzaile iparramerikarraren eleberri grafikoan inspiratuta dago lana.
Erakusketaren inaugurazioaren ondoren, 19:00etan, Kike Infame ilustratzaileak moderatutako ¿Sueñan los androides con perros animados? izeneko mahai-ingurua izango da, La Bolsa Udaltegiaren Ganbaran. Bertan parte hartuko dute Jose Luis Agredak, Robot Dreams-eko arte zuzendariak, Ivan Miñambresek eta Sonia Estevezek. Hainbat konturen inguruan arituko dira: ilustrazioaren, komikiaren, eleberri grafikoaren eta zinemaren arteko harremana; animaziozko zinemaren bilakaera, publikoak, animaziozko zinemaren nazioartekotzea, adimen artifizialak sektorean nola eragingo duen... Mahai-inguruari amaiera emateko, Agredak berak bisita gidatua egingo du 20:30ean.