Robinson zerrendan al zaude? Adi, alarma piztu da eta!

Espainiako Robinson zerrendan daudenen datuak hackeatu egin dituztela zabaldu da foro batean.

Robinson zerrendaren parte direnek enpresetatik, hala eskatu gabe, iristen den publizitatea murriztea dute helburu, izan posta arruntaren bidez, telefonoz, posta elektronikoz edota SMS bidez. Hori lortu nahian ematen dute izena askok zerrenda honetan.

Orain kezka sortu da, ordea, hackerrek bertan erregistratutako 600.000 erabiltzaile baino gehiagoren datuak lortu dituztela zabaldu baita foroetan. Pertsona hauen guztien datuak BreachForum atarian omen daude salgai. Hala balitz, haien NAN zenbakia, helbidea, emaila, telefono zenbakia, izen-abizenak eta jaiotze-data egongo lirateke hackerren esku.

Datu horien jabe izateak erasoetarako bidea errazten du hackerrentzat eta, aldi berean, lana errazten die haien produktu eta zerbitzuen publizitatea egin nahi duten enpresei. Ondorioz, Robison zerrendan daudenen asmoaren erabat kontrakoa izango litzateke, eta inoiz baino egoera zaurgarriagoan egongo lirateke.

Datuen lagin bat agerian omen dago foro horretan, baina Ekonomia Digitalaren Espainiako Elkarteak, ADigitalek, adierazi duenez, ez da halakorik gertatu:"Eskuragarri dagoen informazioa gure lantalde tekniko eta legalarekin aztertu dugu, eta zurtasun osoz ondoriozta dezakegu ez dela hackeatzerik edo legez kanpoko sarbiderik izan gure sistemetara. Edonola ere, eboluzioari adi egongo gara eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren esku jarriko ditugu gure ezagutza eta baliabideak".