Rip: adiorik ez "Mahoma"
Karlos Agirreurreta, "Mahoma" RIP talde entzutetsuko abeslaria, urriaren 14an zendu zen. Karlos-en heriotzarekin euskal punkaren izen handietako bat galdu dugu.
RIP laukote arrasatearra, 80ko hamarkadako euskal punkaren ordezkari nagusietakoa izan zen, Eskorbuto eta Cicatriz taldeekin batera. Lau arrasatear ipurterrek osatu zuten taldea: lehenago Doble Cero taldean aritutako Txerra eta Yul anaiek, Karlos-ek eta Portuk (duela hiru urte zendutakoa).
Garai horretako talde arrakastatsuenetakoa izan zen RIP, eta Euskal Herriko bazterrak irauli zituzten beren kantu apurtzaileekin, aharik eta taldea 1989an desegin zen arte. Azken urteetan, ordea, arrasatearrek zenbait kontzertu eskaini zituzten, eta hauetan ere arrakasta handi lortu zuten. Hiru lan plazaratu zituen RIP-ek: "Zona Especial Norte" (Spansul, 1984) Eskorbutorekin batera, "No te muevas" (Basati Diskak, 1987), eta "Hiesari aurre egiten" (Esan ozenki, 1995).
Kantu sorta paregabea bildu zuten lanotan, eta batzuk klasikoak bilakatu dira: "Enamorado de la muerte", "Terrorismo policial", "Brigada Criminal", "Ultima Generación", "Mundo Muerto" Karlosek abeslari gisa zituen dohainak bi hitzetan labur daitezke: indarra eta karisma. Eta pertsona gisa, berriz, eskuzabaltasuna eta lagunak egiteko erraztasuna. Ez ziren gutxi izan Arrasateko Zigarrolako bere etxean lo egin zuten jarraitzaileak!
Omenaldi hunkigarria Besaiden
Esan bezala, Karlosen heriotzarekin euskal punk-aren izen handia galdu dugu, eta hori agerian geratu zen urriaren 19an Besaide mendian egin zioten omenaldian. Bertan haizeratu zituzten Porturen errautsak ere, duela hiru urte.
Punk garaiko ordezkari asko bildu ziren Besaiden: Vulpes taldeko Mamen abeslaria, Etsaiak taldeko kideak, Iñigo Muguruza, Hertzainak-eko Josu Zabala, Eskoriatza-ko Pepe, Puñetazoko Mariano eta Porru eta Cicatriz taldeko Nacho zenaren ama ere omenaldira gerturatu ziren. Baita kultur arloko aurpegi ezagunak ere: Kepa Landaluze eskultorea, Xabino Egaña pintorea, Iñaki Beraetxe aktorea Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia ere bertan izan zen. Guztiek agur esan nahi zioten "Mahomari". Dena dela, "profeta" gurtzen jarraituko dute punkaren jarraitzaileek. Adiorik ez, "Mahoma".