Ricardo Darín, Donostia saria

Argentinar aktoreak 'La cordillera' aurkeztuko du, Santiago Mitrek zuzendutako eta Canneseko zinema-jaialdian estreinatutako filma

Ricardo Darínek (Buenos Aires, 1957), Latinoamerikako eta mundu osoko zinemagintzako aktore prestigiotsuenetako batek, 65. Donostia Zinemaldiko Donostia saria jasoko du datorren irailaren 26an, La cordillera filmaren aurkezpenaren esparruan. Zinemaldiko sari ohoragarri garrantzitsuena argentinar antzezlearen ibilbidearen aitorpena da. Darínek hainbat zinemagilerekin egin du lan, esaterako, Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay edo Santiago Mitrerekin.

La cordillera, Santiago Mitrek zuzendua eta idatzia, honako hauen arteko koprodukzio bat da: K&S Films eta La Unión de los Ríos (Argentina), MOD Producciones (Espainia) eta Maneki Films (Frantzia). Istorioa Txilen dago girotua, latinoamerikar presidenteen goi-bilera batean. Ricardo Darínekin batera, Dolores Fonzi, Érica Rivas, Elena Anaya, Daniel Giménez Cacho, Alfredo Castro, Paulina García eta Christian Slater ere antzeztaldeko kide dira. Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatua, irailaren 26an (asteartea) Kursaal auditorioan proiektatuko da. Warner Bros Pictures-ek irailaren 29an estreinatuko du filma zinema-aretoetan.

 


Ondoren, Latinoamerikako eta Espainiako zinemagintzako funtsezko film batzuk egin zituen: kasurako, El hijo de la novia (2001, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua), Luna de Avellaneda (2004) eta El secreto de sus ojos (2009, atzerriko film onenaren Oscar saria). Juan José Campanellak zuzendu zituen hirurak. 2007an zinema-zuzendari gisa debutatu zuen, La señal filmarekin, Martín Hodara-rekin elkarlanean, eta aurten ere berriz aritu da harekin Nieve negra filmean.

Jostailu-asmalaria izan da La educación de las hadasen (José Luis Cuerda, 2006); nerabe intersexual baten aita XXYen (Lucía Puenzo, 2007); lapur famatua El baile de la Victorian (Fernando Trueba, 2009); burdindegi baten jabea Un cuento chinon (2011) eta pilotua Capitán Kóblicen (2016), Sebastián Borenzsteinen zuzendaritzapean azken biak; lizentziarik gabeko abokatua izan da Caranchon (2010) eta apaiza Elefante Blancon (2012), biak ala biak Pablo Traperoren zuzendaritzapean. Halaber, bi aldiz lan egin du Cesc Gayrekin: Una pistola en cada mano (2012) filmean gizon engainatu bat antzeztu ondoren, minbizi terminala diagnostikatzen dioten aktore bat hezurmamitu zuen Trumanen (2015).

Informazio guztia DONOSTIA ZINEMALDIAn.