'Rexcatering'-a: ikastetxeetako jangeletako janari soberakinak bildu eta banatzeko sistema

Sobera dagoen janaria makinetan jartzen da, jendeak bertatik hartu ahal izateko.

Munduan ekoitzitako elikagai guztien herenak, 1.600 milioi tona, zaborretan amaitzen du. Espainiako Estatua da Europan janari gehien xahutzen duen zazpigarren herrialdea (7,7 milioi tona). Kalkuluen arabera, zaborretara doan janariaren laurdenarekin munduko gosearekin amaitu ahalko litzateke.

Zenbat janari xahutzen den ikusita, Zero Zabor Fundazioak Rexcatering proiektua jarri zuen martxan duela zortzi urte, eskoletako jangeletan sobera geratzen den janaria aprobetxatze aldera. 

Prestakuntza jasotako jantokiko langileek sobera dauden elikagaiak ontzi konpostagarrietan ontziratzen dituzte, betiere tenperatura seguruan badaude. Film konpostagarriz zigilatzen dira eta, ondoren, elikagaia markatu eta etiketa jartzen zaio, elikagaiaren zati bat agerian utzita.

Hala, ontziak hozte azkarreko gailuan sartu eta tenperatura segurua lortuta, hozkailu eramangarriekin zero kostuko salmenta-makinetara edo Zero Zabor Hozkailura eramaten dituzte.

Gainera, ikasleek ere parte hartzen dute prozesuan, eta komunitatea eta elkartasuna aktibatzeko bidea ere izaten da. Anoak erabat doan jartzen dira herritarren eskura.

Beasainen martxan jarri berria
Ikastetxeetako eta Arangoiti egoitzako jangeletako soberakinak bildu, ontziratu eta kontserbatzeko prozesuari ekin diote Beasainen, herritarrek doan hartu ahal izateko. 

Janari anoak Loinazko San Martin plazako arkupeetan kokatutako Zero Zabor hozkailu adimendunean egongo dira, eguneko hogeita lau orduetan eskuragarri. Lehen fase honetan makina bat jarri dute, baina eragile gehiago inplikatuz gero, bigarren makina bat jartzeko aukera ere aurreikusi dute.

Ikasleek soberakinak jaso, ontziratu eta makinan jartzen arituko dira. Udaleko kale hezitzaileek ere lagunduko dute Arangoitiko anoen garraioan. 

Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, Zero Zabor Fundazio 2018an hasi zen eginkizun honetan, eta gaur egun 50 ikastetxek parte hartzen dute hilero, batez beste, 45.000 razio banatuz. Elikagaiak, gutxi gorabehera, hiru ordu eta erdian agortzen direla azaldu dute.