Revolution JamRock jaialdia bihar Donostian
Jaialdiaren barruan Revolutionary Brothers, Hermano L eta Chata Flores arituko dira, besteak beste.
Urteko bigarren Revolution JamRock jaialdia egingo dute bihar Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Udaberrian egin zuten urteko lehenengoa, eta pandemia dela eta, bi egunekoa izan ordez, egun bakarrekoa izan zen; horregatik, bihar, larunbata, egingo dute jarraipena. Revolutionary Brothers izango dira bueltan, eta eurekin batera Bojaman & Grompy Style, Chata Flores, Hermano L eta King Consul arituko dira.
Chata Flores Zaragozako rap eta reggaearen emakumezko ordezkaria da. Etorkizun handikotzat jotzen dute musikaren munduan, eta "itxura zakarreko eta arima sentikorrekoa" dela diote. Bojaman & Grompy zarauztarrek reggae eta dancehall-a ekarriko dute jaialdira, alaitasunarekin eta mezu indartsuekin batera.
Hermano L Mallorcako abeslari eta MC-a da, La Puta Opepe talde ospetsuko kidea. Hip-Hop eta raggamuffin estiloen aitzindaria estatu mailan. La Puta Opeperekin eta bakarka hainbat LP argitaratu ditu. King Konsul Euskal Herriko reggae eszenako beteranoa da. 12 Tribu, Makala Band, Chalwa Band eta batez ere Revolutionary Brothers-en lanetan gehien entzun eta baloratutako reggae ahotsetako bat.
Jaialdia 20:00etan hasiko da Intxaurrondoko Kultur Etxean eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eros daitezke.