Reggae-a, gizateriaren kultura ondare immateriala!
Hemendik aurrera, musika estilo jamaikarra Nazio Batuen Erakundearen kultura eta zientziarako agentziaren ondare immaterialen zerrendan izango da; zorionak!
Bob Marley bezalako musikari jamaikarrek bete zuten mundua reggae doinuez, eta orain, gizateriaren kultur ondare izendatu du Unescok. Hala, Jamaika mundura jaurti zuen musika estiloa Nazio Batuen Erakundearen kultura eta zientziarako agentziaren ondare immaterialen zerrendara igaro da.
60ko hamarkadan hasi zen reggaea; AEBetako R&Ba eta Jamaikako momentuaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Marley aipatu dugu, baina harekin batera ezin dira ahaztu Prince Buster, Desmond Dekker eta Jackie Mittoo, eta The Wailers, Bob Marley, Peter Tosh eta Bunny Wailer musikariek osatutako taldea.
Hain zuzen, Unescok erabakiaren berri eman duenean, azpimarratu du injustizien aurka, erresistentzia, maitasuna eta gizatasuna zabaltzeko reggaeak izan duen garrantzia.
Euskal Herriko zenbait kultur adierazpide ere proposatu izan dira, hala nola, bertsolaritza, Ipar Euskal Herriko inauteriak, Iruñeko Sanferminak eta Bilboko Aste Nagusia. Zer diozue? Merezi dute izendapena?