Reala garaile Emakumezkoen Euskal Herriko II. Futbol Kopan
Orotara hamabi taldek hartu dute parte udan jokatu den Emakumezkoen Euskal Herriko II. Futbol Kopan. Iganden izan zen Athletic-en eta Realaren arteko finala, eta gipuzkoarrek lortu zuten garaipena. 2-0 markagailuan, txuri-urdinek pozik ospatu zuten lortutakoa, eta asteburu honetan ekingo diote 2012-2013 Ligari. Txapelketa osoan nagusitu den giro bikaina eta maila altua azpimarratu dute antolatzaileek.
Garazi, Oiartzun, Añorga, Eibar, Reala, Abanto, Aurrera Vitoria, Arrasate, San Juan, San Ignacio, Athletic eta Lagunak izan dira Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketako parte hartzaileak. Aurtengoa Emakumezkoen Euskal Herriko Futbol Kopa jokatzen den bigarren aldia izan da, eta taldeek maila polita eman dute hiru hilabeteko jardunaldietan.
Igandekoa, baina, egun handia izan zen. Beasaingo Loinatz futbol zelaian jokatu zuten finala, eta Reala izan zen jokoaren jabe, 2-0ekoarekin garaipena lortuz.
15. minutuan Naiara Beristainek sartu zuen txuri-urdinen lehen gola, eta abantaila lortuta, lasai ibili zen zelaian. Athletic-ek, dena den, hainbat aukera ere izan zituen markagailua berdintzeko, baina ezin. Azken minutuetan Marina Agouesek sartutako golari esker behin-betiko garaipena eskuratu zuten gipuzkoarrek.
Bana
Emakumezkoen Euskal Herriko I. Futbol Kopa Athletic-ek eskuratu zuen iaz, eta orain berdindurik daude bi taldeak, garaipen banarekin.
Garaikur nagusiaz gain, Jokalari Aparta saria ere banatu zuten antolatzaileek, txapelketa osoan zehar hoberen aritu den jokalaria saritzeko. Aurtengoan Itxaso Uriarte txuri-urdinak jaso du garaikurra.
2012-2013 Liga
Asteburu honetan, halaber, ligari ekingo diote finalean jokatu duten bi taldeek eta Lagunak-ek. Realeko neskak Madrilen arituko dira Rayo Vallecanoren aurka, eta beste bien artean txapelketako lehen euskal derbia jokatuko dute Athletic-en etxean.