Raul Zelik: Lagun alemaniarra

Gaur egun, Alemaniako idazle garaikide esanguratsuenetakoa da Raul Zelik. Munichen jaio zen 1968an, eta Friss und stirb trotzdem (Lehertzeraino jan) izeneko lehen eleberriarekin harritu zituen herrialde hartako kritika eta irakurleak, 1997an.
Nazioartean geroago izan zuen arrakasta, Berliner verhälthnisse (Berlingo egoerak) liburuarekin. 2005ean argitaratu zuen lan hura, eta Alemaniako Literatura Sari Nazionalerako finalista hautatu zuten. Etorkizun handiko idazletzat jo zuten orduan kritikoek, eta hainbat hizkuntzara itzulia izateko atea zabaldu zitzaion. Gaur egungo ezkerraren parodia gordina eta ironiaz betea da liburua. Egilearen arabera, “egungo gizarte kontsumista, lotsagarria, demokratikotik oso gutxi duena eta, oro har ezjakina” modu sinesgarri eta koherentean aldatzeko asmoa duen ezkerrik ez du aurkitzen, eta hortik abiatuta ironiaz erakusten ditu ustez aurrerakoitzat jotzen diren hainbat egoera eta bizimodu.
Hego Amerikara bidaiatu zuen 17 urte zituenean, eta bertatik bertara ezagutu zituen Nikaragua, Bolivia, Brasil, Guaiana eta, batez ere, Kolonbiako egoera bortitza. Zeharo hunkitu zuen herrialde hark, eta La negra eleberrian islatu zuen “kapitalismoa gaixotasun larri baina sendagarritzat” duen herri haren egunerokotasuna eta borroka. Azken urteotan, berriz, hurbiletik jarraitu du iraultza bolibartarrarekin lotutako guztia, eta Venezuela, más alla de Chávez saiakeran bildu ditu horren ingurukoak.
Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua da alemaniarrarentzat “bizitzan irakurri dudan liburu onena”. Hura alemanierara itzultzeko beharra sentituta, euskara ikasten hasi zen, eta azkenean Petra Elser-ekin batera itzuli zuen iurretarraren lana.
Nobela haren oihartzuna du bere azken liburuak: Der bewaffnete Freund (Lagun armatua). Zehazki, Sarrionandiaren ihesaldian oinarrituta, Europaren bihotzetik euskal gatazka ekarri du orrialdetara, eleberri beltzaren hainbat elementu elkartu eta politikoki esanguratsua den literatura berezia aurkeztuz. Eduardo Mataukok itzulia, 2009ko irailean argitaratu da oraingoz euskaraz irakur daitekeen Zeliken liburu bakarra: Lagun armatua.
Bibliografia
Friss und stirb trotzdem (1997).
Berliner verhälthnisse (2005).
La Negra (2000).
Venezuela, más alla de Chavez (2004).
Der bewaffnete Freund (Lagun armatua) (2009).