'Rage baiting', haserrea eragitea eta bestearen erreakzioa helburu duen online jokamoldea
Haserrea eta amorrua eragiteko helburuz zabaltzen den edukia izaten da, hartara interakzioa eta trafikoa handitzeko.
Rage baiting terminoak ikustaldiak, engagement-a edo arreta bereganatzeko asmoz, norbaitek amorrua edo frustrazioa apropos eragiteko sarean zerbait argitaratu edo esatea izendatzen du.
2016an hasi ziren erabiltzen terminoa, baina 2020 aldera egin zen ezagun. Iaz Oxford ingeles hiztegiak urteko hitz gisa aukeratu zuen.
Norbait nahita zirikatzea izaten da gakoa, hura haserretzeko edo amorrarazteko helburuz. Hori lortzeko benetan pentsatzen edo sinesten diren gauzak erabil daitezke, ala benetakoak ez direnak baina ustez eraginkorrak izan daitezkeenak, azken finean jendearen erreakzioa eragitea baita jomuga nagusiena.
Helburua ez da informatzea, jendea aktibatzea baizik. Astakeria bat izan daiteke, desinformazioa, irudi faltsuak, iraingarria izan daitekeen zerbait edo muturreko iritzi bat. Kasu batzuetan jarrera jakinak erakusten dituzte bideoetan: arauak hausten, norbait gaizki tratatzen, harrigarria den esperimentu edo gauzaren bat... Etikarekin edo emozioekin loturiko bideoak errazago zabaltzen dira, eta jendea halako zerbaitekin sutan jartzea lortuz gero, jende gehiagorengana iritsarazi dezake algoritmoak.
Esaterako, rage bait-a ohikoa izaten da manosfera komunitateetan. Matxismoa eta misoginia izaten dute oinarri eta gorrotoz betetako diskurtsoak sortzen dituzte. Taldeko kide izatearen sentimendua handitzen dute, talde edo pertsona zehatzekiko arbuioa, gorrotoa eta nazka eraiki eta zabalduta. Adibidez, talde feministetiko. Faltsua den zerbait plazaratu eta beste erabiltzaileek iruzkindu egiten dute, eta irainak, erasoak eta isekak izaten dira tartean.
Nola erantzun horren aurrean
Lehenik eta behin, arnasa hartzea komeni da, tranpan ez erortzeko. Sare sozialetan edo Interneten ikusitako zerbaitek ezinegona edo nahigabea sortzen badizu, erlaxatzen saiatu ezer baino lehen. Jendearen eguna zapuztea da haien nahia, eta, beraz, hori saihestea da gure egitekoa.
Erantzuteko asmoa izanez gero, ez oldartu. Hobe zertan ari diren badakizula jakinaraztea, eta argi uztea ez duela ezertarako balioko. Ikusten duzuna zalantzan jarri, eta irizpide kritikoa izatea ezinbestekoa da, gaur egun bereziki.