Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte eta Sara Azurza izango dira Iruñeko 'Kantu eta hitza' kontzertu zikloan

Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi taldeek osatuko dute maiatzaren 18an abiatuko den egitasmoa.

Iruñeko Kantu eta Hitza euskarazko formatu txikiko kontzertu-zikloa bueltan da, bi urteko etenaren ondoren, eta sei kontzertu izango dira maiatzaren 18tik ekainaren 22ra bitarteko ostegunetan. Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi arituko dira oholtza gainean. 

Rafa Rueda mungiarrak emango dio hasiera zikloari, ostegunean, eta hogei urtetik gorako ibilbideko kantuak berrikusteaz gain, bere azken lana, Rueda, ere aurkeztuko du. Lan honetan hainbat euskal idazleren poemak musikatu ditu:  Joseba Sarrionandia, Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Audre Lorde, Inge Müller eta Josu Goikoetxea.

Maiatzaren 25ean, Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako elektro-popeko Lumi taldeak iaz argitaratutako Bezperen dirdira diskoko abestiak joko ditu.

Ekainaren 1ean, Olaia Inziarte artista nafarrak Lehengo Lepotikan Burua izeneko diskoa aurkeztuko du kontzertu akustikoan. Hurrengo hitzordua ekainaren 8an izango da, Sara Azurza donostiarrarekin. Azurzak Hemen berriro diskoko kantuak eskainiko ditu.

Ekainaren 15ean Nahiak Nahi taldearen txanda izanen da. Erori behar haina EPko abestiak entzun ahal izango dira bertan, besteak beste. Azkenik, ekainaren 22an, Balerdi Balerdi taldea arituko da. Udaberri alua, Azken Kanta, Gurpilen antzera eta Bizi bedi rock’n’rolla abestiak ez dira faltako emanaldian.

Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, O-ko Andre Mariaren plazan, eta sarrera librea izango da. Euririk eginez gero, kontzertuak Deskalzos kaleko Erraldoien Txokoan izango dira.