"Live"

Washingtongo punk mugimenduari buruz dokumental bat egitearren, 1983ko ekainean, Minor Threat taldeak hiri hartan emandako kontzertua grabatu zuten. Handik bi urtera, Dischord Records diskoetxeak zinta haiek berreskuratu, eta “Minor Threat live” bideoa egin zuen, eta 2002an, material hori dvd formaturako prestatzen hasi ziren. Jatorrizko grabazio-zintak hartu zituzten, irudia eta soinua “garbitu” zuten… eta emaitza hauxe da: Washingtongo “9.30” klubean emandako kontzertuaren 40 minutu, New Jersey estatuko Camden hirian emandako kontzertu baten 35 minutu, beste 12 minutu D.C. Space aretoan… Horrez gain, Ian Mackaye kantariari 1983an egindako elkarrizketa ere badakar dvd-ak. Dokumental bikaina da, Straight Edge Hardcorearen talde giltzarrienari buruz argibide asko ematen dituena.