"El salmón"
Bost disko. 103 kantu. Calamaro ez da neurtzen aritzen den horietakoa. Zenbakiek ez dute larritzen. Bularrean daramana kanporatzea behar du, gaiztotu ez dadin. Beraz, ez dezagun oreka edo koherentzia bilatu bere lanetan, pasioa baizik. Bizirik dagoen norbaiten garaipenak, beldurrak eta haserreak, kontraesanez beteak, bizitza bera bezala. "Honestidad Brutal" bihotz apurtu baten islada bazen, lan berri honek, zatiak osatuta eta berriro txikituta ikusi ondoren ahaztu nahian dabilenaren unerik ilunenak dakartza, aurrera egiteko adorea galdu gabe.