Quadrophenia: zaindu hire scootera Jimmy!

"Quadrophenia" filmak hogeita hamar urte bete ditu. 1979an, France Roddmanek zuzendutako pelikula honek bultzada handia eman zion mod mugimenduari. We´re the mods!


1979an, Quadrophenia pelikulak haserre handia eragin zuen garai hartako Ingalaterra ofizialean, baina gazteen artean, aldiz, sekulako arrakasta izan zuen. Gaur egun kultuko pelikula bihurtu da, eta askoren ustez, rocka eta zinemak inoiz elkarrekin izandako larru jotze politenetakoa da. Quadrophenia The Who taldearen izen bereko diskoan oinarritua dago. Hala, Peter Townshend eta Roger Daltreyk gidatutako taldearen My generation kantuak ondo laburbiltzen du filmaren espiritua: ezer izatekotan, belaunaldi baten erretratu aberatsa baita
Quadrophenia.

Jimmy (Phil Daniels) mod gaztea da pelikulako protagonista nagusia. Mod tribuko gainontzeko lagun gehienak bezala, Jimmy scooter markako motor dotorean ibili ohi da. Beti "piojo" zaharra jantzita, bere astebukaerak sekulako ekaitzak izaten dira: alkohola, anfetaminak, rocker-en kontrako borrokak, nahi baino sexu eta maitasun gutxiago… martxa arriskutsu horretan murgilduta, Jimmy gaizki samar moldatzen da gurasoekin eta laneko nagusiekin.   

We´re the mods!

Filma 1979an estreinatu zen, punk mugimendua gori-gori zegoela. Hala ere, Quadrophenia 1964an kokatua dago, eta pasarte garrantzitsuenak 1960ko hamarkadako Londres proto-punk hartan grabatu zituzten. Pelikulako pasarte batean, mod koadrila eta beren aurkariak, rockerak, Brighton aldera abiatzen dira. Brightonen, bi tribuek sekulako borroka izango dute elkarrekin, eta txiki-txiki eginda utziko dituzte denda eta taberna asko. Azkenean, poliziak bi tribuetako gazte asko atxilotuko ditu, tartean Jimmy. Hor hasiko da gure protagonistaren gainbehera.

Pelikulan hain modu gordinean azaltzen zaizkigun mod eta rockeren arteko borroka horiek, benetan gertatu ziren 1960ko hamarkadako Ingalaterran. Alde horretatik, punk mugimendua lehertu aurreko Ingalaterra haserretuaren argazki bizi-bizia da France Roddmanen filma: Margaret Tatcher, burdinazko anderea, boterera heldu gabea zen oraindik, baina Erresuma Batuko gizartea borborka ari zen.

Tatcher burdinazko anderearekin edo gabe, scooter dotoredun gazteek gerra-oihu indartsua zerabilten 60ko hamarkadako parranda gau basatietan: "We´re the mods! We´re the mods". Hogeita hamar urte igaro eta gero, gerra-oihu horrek indartsu jarraitzen du oraindik.

Sting, mod harroxko hura



1979an hogeita zortzi urte zituen, eta gaur egun baino ile gehiago. Oso planta ona zuen, eta edonor urtzeko moduko begirada harroa. Gainera, hori gutxi balitz, lehen disko arrakastatsua kaleratu berria zuen The Police taldearekin… bai, Quadrophenia pelikulako mod harroxkoenaren papera jokatu zuenean, Sting jauna goren-gorenean zegoen! Ez zegoen gorako egoterik!

Baina urteak joan eta etorri, Sting jauna ere burusoildu zaigu, eta ilea urritzearekin batera, damuak ere etorri zaizkio. Stingek behin baino gehiagotan esan du, gaur egun lotsatu egiten dela Quadrophenia pelikulan jokatutako pertsonaia hura ikusita: motor gainean inor baino harroago zebilen, baina gero… otzan, oso otzan portatzen zen. Nola aldatzen diren gauzak kamarada!   

The Who zineman



Zinema munduan, normalean pelikulak filmatzen dituzte lehenik, eta ondoren, behin filma eginda, soinu banda konposatzen dute istorio horretarako. Quadropheniaren kasuan, alderantziz gertatu zen dena: The Who taldeak 1973an argitaratutako diskoa izan zen lehen pausoa, eta handik lau urtetara, 1975ean, France Roddmanek zuzendutako izen bereko filma heldu zen. The Who taldeko gitarrajotzaile Pete Townshendek pelikulako gidoian parte hartu zuen, baina hala ere, The Who taldeko kideak ez dira aktore gisa ageri Quadrophenian.

Quadrophenia baino lehenagokoa da Tommy pelikula, eta horretan bai, film horretan, The Who taldeko kideak aktore lanetan aritu ziren: Rogert Daltrey kantaria Tommy protagonistaren larruan aritu zen, eta Keith Moon bateriajotzaileak eta Peter Towshend gitarrajotzaileak paper txikiak jokatu zituzten. The Who taldeko kideen ondoan, musikari ospetsu asko ikus ditzakegu Tommy filmean: Tina Turner, Eric Clapton, Elton Jhon…