Psikologo batek 25 urteren bueltan zergatik sentitzen garen horren galduta ikertu du

Hogeiko krisia zergatik pairatzen dugun aztertu du.

Satya Doyle Byock psikologoak gazteenen krisiaren zergatia ikertu nahi izan du. Psikologo honek, unibertsitatea amaitu zuenean, —orain 40 urte ditu—, amildegi existentzial bat sentitu zuen. Kolonbia eta Sri Lankara joan zen boluntariotza egitera eta lanbide on batean, proiektu zuzendari bezala lan egin zuen; baina bazirudien ez zuela ezerk gogobetetzen. Jubilaziora arte lan egin beharra etsigarria zitzaion, hutsune bat sentitzen zuen bularrean eta sentimendu horrek berebiziko eragina izan omen zuen bere bizitzan.

Byock-ek sentimendu hori hartu eta bere ikerketa zientifikoaren objektu bilakatu zuen. Urteetako ikerketaren ostean ohartu da 20-40 urteen artean dudak izatea erabat normala dela. Garai horretan, pertsonok, zerk definitzen gaituen aurkitzen dugu eta gure bizitza osoa ardaztuko duten erabaki pertsonal eta profesionalak hartzen ditugu urte hauetan zehar. 

Galdera horiek guztiak planteatzea, hala ez badirudi ere, positiboa da, Byock-en esanetan, gure bizitzak aurrera eramatea galaraziko ligukeen krisi handiago bat ekiditen laguntzen baitute. Bere ustez hauek dira hazkuntzarako lau zutabeak:

1.Banatu, hau da, gure balore eta sinesteak, gure gurasoek dituztenetatik edo arau sozialetatik ezberdindu.
2.Entzun (baita gure buruak ere): Gure beharrak entzuten ikasi eta ongizatea sortzen digun hori egin.
3.Eraiki: Gogobeteko bizitza sortu.
4.Integratu: Gogobeteko bizitza hori errutina bihurtu, epe luzera bere emaitzak jaso ditzazun.

Hauek ideia nagusiak dira, ez pausoz pauso jarraitu behar dituzun argibideak. Landu beharreko alderdiak dira, horietatik abiatuz galderak sortzeko. Psikologo honek dio, bakea gauzak gure erritmoan egitea dela, kanpokoari horrenbeste kasu egin gabe.

Izugarri gustuko duzun esparru batean zerotik hastea litzateke adibide bat, horretan hasteak beste guztia atzean uztea suposatzen badu ere. Beste adibidea, lan alderdiari baino, lehentasuna harreman pertsonalei eman nahi izatea litzateke.

Gurasoekin alderatuta, bizi dugun beheraldi ekonomikoak ere galduago sentiarazi zaitzakeela dio. Beraz, lasai, normala da. Krisi garaia aztertuz, gerora baliagarriak izango zaizkizun tresna eraiki ditzakezu, aukera paregabea da horretarako, hala ez badirudi ere!