Proiekzioak, hitzaldiak eta kontzertu berezia izango dira Zinegoak-en aurreko jaialdian

'Nola esan/izan bollera' solasaldi-errezitaldia, eta Zinegoak 2022ko Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri zinemagilearen filmak izango dira ikusgai, besteak beste.

Zinegoaken 19. edizioa otsailaren 28an hasiko da Arriaga antzokian egingo den inaugurazio galarekin, baina, aurreko edizioetan bezala, aurrez hainbat jarduera antolatuko dituzte. Otsailaren 25etik 28ra bitartean egingo dituzte ekintzak eta guztiak doakoak izango dira.

Lehenengo egunean, otsailaren 25ean, Mapplethorpe, look at the pictures dokumentala emango dute Guggenheim Museoko auditorioan, 18: 00etan. Randy Barbatok eta Fenton Baileyk zuzendutako dokumentalak Mapplethorperen alderdi pertsonalenak kontatzen ditu, bere familiari ahotsa emanez. Era berean, 60 eta 70eko hamarkadetako New York izugarri eta arriskutsuena  erakusten du.

Hurrengo egunean, hilak 26, Bilborocken Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuarekin lotutako solasaldia eta errezitaldia egingo da, 12:00etan, Amaia Alvarez Uria literatura irakasleak eta June Fernandez kazetariak sustatuta. Itxaro Bordak, Amaia Agirrek, Ainhoa Guemesek eta Ana Jakak parte hartuko dute. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Albertina Carri argentinar zinemagileak zuzendutako Barbie también puede estar triste film laburra proiektatuko da Bilborocken bertan. Ondoren, Ez amour ezta toujours ikuskizuna hasiko da, "denok ezagutzen ditugun abestien irakurketa feminista, kritiko eta dibertigarria". Kabaretaren, kontzertuaren eta kontzientzia feministaren arteko bidegurutzea izango da, eta Irantzu Varela, Aranzazu Calleja, Cris Lizarraga, Maite Arroitajauregi Mursego, Esther Lopez eta Actea Jimenez izango dira bertan.

Azken egunean, Zinegoaken Ohorezko Sariarekin lotutako proiekzioa egingo dute. Las Hijas del Fuego filma eskainiko dute, 18: 30ean, Bilborocken. Albertina Carri egileak deskribatzen duen bezala, “Pornografia lesbofeminista da, generoaren berrantolaketa bilatzen duena (adiera posible ugaritan) eta, batez ere, gozamen femeninoa erakusteko modua berreraikitzeko aukera, erotizazioa besterik nahi ez duen begirada maskulinotik aldenduta”. Proiekzioaren aurretik, Carri eta Irantzu Varela kazetariaren arteko solasaldia izango da.