Produktu miragarriak
GAZTEZULOn urteak daramatzagu sexualitatea bizitzeko modu anitz eta oparo bat proposatzen, baina merkatuak oraindik ez du ikuspegi hori konpartitzen, interesatzen ez zaiolako, noski. Hitz egin dezagun argi eta garbi denda erotikoetan, farmazietan, Interneten eta merkatu beltzean ‘miragarritzat’ saltzen dituzten tresna, pomada eta pilulei buruz.
Klitorian eta baginaren sarreran ematen da, eta desioa nahiz eszitatazioa handitu eta, ondorioz, orgasmoak ahalbidetzen dituen ukendua da ustez; azken urtean emakume eta gizon gehien engainatu dituen produktua dela esango nuke. Saltzaileak proposatzen dizuna zera da: zure sexualitatea genitaletara mugatzea, orgasmorik gabe hau desegoki sentitzea, eta hotz eta bero aldaketa hutsekin kitzikatzea! Are gehiago, horrek motibazioa eta gogoa sorraraztea! Emakume bat hainbat estimuluk eszita dezakete: begiradek, musikak, laztanek (hezeak eta lehorrak), fantasiek (erromantikoagoak, morbosoagoak...), komunikazioak, usainek, harremanaren esanahiak... Horrek eragin diezaioke plazera eta oparotasun erotikoa. Orgasmoa ez da betebehar bat, plazera sentitzen ari zaren bitartean gerta daitekeen zerbait baizik. Desira ez dago genitaletan edo klitorian, bizipenetan eta garunean baizik. Hortaz, zertarako behar dugu horrelako kremarik? Orgasmoak edukitzen ikasi nahi duenak eta asmatu ez duenak sexologoengana jo dezake eta hauek irakatsi diezaiokete prozesu atsegin baten bitartez bere burua ezagutzen, dastatzen eta askatzen. Bestalde, ez ahaztu pomada honen moduko produktuek albo-ondorio larriak eragin ditzaketela gure osasunean; esate baterako, ukendu honek barizeak agerrarazi ditzakete bulban.
Bizi ditugun garaiotan, denbora ziztu bizian doa aurrera, korrika gabiltza eta eiakulatze azkarrak uste baino maizago gertatzen dira. Azkar edo poliki joatea ez da arazoa bere horretan; kontrol falta, ordea, ezin erabakitzea noiz eiakulatu, horrek egonezin handia sortu izan du bikote askorengan. Horri ustez aurre egiteko ere, spray moduko anestesiatzaileak, kondoi anestesiadunak eta pilulak ditugu eskuragarri. Kontraesan itzela! Plazer handiagoa sentitzeko gutxiago sentitzea al da irtenbidea?! Zein da helburua? Ohean erakustaldi erotiko-atletikoak egitea? Gizontasuna erakusteko hainbat eta hainbat aukera eskaintzen ditu eguneroko bizitzak; topaketa erotikoak, ordea, norbera den bezalakoa izateko unea izan beharko luke, erlaxatuta, zentzu guztietan larrugorri egotekoa. Onenean jarrita ere, produktu miragarri horrek eragina balu, datozen 30 edo 40 urteetan horren eskuetan utzi behar al dugu gure erotika?
Tankera honetako askotariko produktuak saltzen saiatuko dira: zakila luzatzeko tresnak, erakargarri bilakatzeko feromonak, mota guztietako afrodisiakoak, desira piztu nahian kafean ezkutuka botatzen diren pilulak, zakila zutitzeko pastillak... Hauek guztiek sexualitatearen ikuspegi mugatua dute oso, ez dute laguntzen gizon eta emakumeak eraikitzen, ezta bizipozeranzko ibilbidea egiten ere; dirua eta ilusioa galtzera besterik ez gaituzte eramango, eta gainera, ez dutenez funtzionatzen, bizitzan galtzaile sentiaraziko gaituzte, osasunarentzat dakartzaten ondorio kaltegarriak ahaztu gabe.
Dena den, ardura ez da soilik merkatuarena eta merkatariena; erosleona ere bai. Aukeratu ongi osagarri erotikoen artean. Ibilbide erotikoa Donejakue Bidea bezalaxe egitea proposatzen dizugu. Ezagutzen al duzu Donejakue Bidea hegazkinez egin duenik? Guk ez. Ibilbidea, gurea, gure bizipenekin egitea merezi du. Garrantzitsuena ez da iristea, bidea baizik.
JOLASERA!
Denbora
Osagarriak, jolasak, bibragailuak, kandelak... ez dira ezer eta ez dute ezertarako balio baldin eta ez badiegu denbora eskaintzen. Atera dezagun astia bost zentzumenei arreta jartzeko. Utzi alde batera telebista, telefonoa, ordulariak... unean unekoan murgil gaitezen.