PortaDa! lehiaketa antolatu du Durangoko Azokak Euskal Herriko ikastetxeentzat
Liburu eta diskoen azaletako irudiak birsortu beharko dituzte gorputz atalak edota eguneroko objektuak erabilita.
Ikasle Goizaren ordez, Durangoko Azokak portaDA! sormen lehiaketa jarri du martxan, Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendua. Horretarako, ikasleek argazki bat sortu beharko dute pertsonen gorputzak edo eskura izaten diren elementuak erabilita, euskarazko liburu eta disko baten azalean agertzen den irudiarekin bat etorriko dena. Liburuaren edo diskoaren izenburua argi eta garbi ikusi beharko da.
Lehiaketetan ohikoa izaten den moduan, sariak ere izango dira irabazleentzat. Lehen Hezkuntzako ikasleek Iratxoen kantu sekretuak emanaldia izango dute ikastetxean, eta DBH eta Batxilergoko ikasleek, berriz, Huntza taldearen bisita eta kontzertu egokitua.
Parte hartzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik. Argazkia komunikazioa@durangokoazoka.eus helbidera bidali beharko da, PORTADA! gaiarekin eta ikastetxeko eta harremanetarako datuekin, zein kategoriatan parte hartzen den zehaztuta. Horrez gain, ikastetxearen sare sozialetan #portaDA eta #56DA traolak erabilita zabaltzea ere eskertuko dutela jakinarazi dute. Lehiaketako oinarriak webgunean zintzilikatu dituzte.
Bide batez, abenduaren 3an Landakogunean ez dela ekitaldirik izango eta erakusmahaiak abenduaren 4tik aurrera egongo direla zabalik gogorarazi dute.