Porno eskola, ateak ixtera behartuta

Hala Bedi irratiak informatu duenez, guraso talde erlijioso batek salaketa batekin mehatxatu ditu.

Hala Bedi irratiak eman du albistea. Gasteizko Porno Eskola proiektua amaitu behar izan dute, guraso talde erlijioso batek salaketa batekin mehatxatu ondoren. Hilabete eskas bat martxan egon den proiektuak ezin du aurrera jarraitu.

 

Proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, erlijioak egun duen indarra oso handia da oraindik. Haserre daude, irabazi dutelako: “Oso harro amaitu dugu gure ibilbidea. Are gehiago, gure helburua, hein handi batean, lortu dugu: hezkuntza sexuala lehen lerroan jartzea”.

 

Porno Eskolaren helburua argia zen: heziketa sexualean sakontzea, pornografiari buruzko gida didaktiko bat baliatuz horretarako. Urriaren 26an aurkeztu zuten. “Konturatu ginen nerabeek sexuarekin zuten lehenengo kontaktua pornoa zela: ikastolan duten heziketa sexuala hutsuneak dituelako edo gurasoei galdetzea lotsa ematen dielako”, adierazi dio Hala Bediri Porno Eskolako kide den Iratxe Gilek; “Gainera, gurasoak ez dira galdera horiei erantzuteko gai”.

 

Interneten dagoen informazio guztia kritikoki eta etikoki erabiltzeko asmoarekin, Porno Eskolaren asmoa heziketa sexualeko tresna bat eskaintzea zen. Eta horretarako, nahikoa baliabide jarri nahi zituzten mahaiaren gainean. Ilustrazioak oinarri, eduki mapa bat landu zuten. Horretaz gain, webgune bat ere martxan zuten, unitate didaktiko ezberdinak oinarri moduan hartuz.