Pop artearen lehen obrak ikusgai dira Guggenheimen

Entxufeak, izozkiak, hanburgesak, pastelak, komunak… kolore biziz eta tamaina handian. Horiexek 60ko hamarkadan Claes Oldenbur artistak egindako lehen pop obretako batzuk. Bilboko Guggenheim museoan izango dira ikusgai otsailera bitarte.


Pop artean aitzindaritzat hartua izan da Claes Oldenbur. Stockholmen jaio zen artista estatubatuarra 1929an, eta bere lehen obrek zeresan handia piztu zuten 60ko hamarkadan, artearen ikuspegia errotik eraldatu baitzuten.

300 piezaz osaturiko erakusketa Bilbora iritsi berri da, eta bertan izango da ikusgai datorren otsailaren 17ra bitarte; ondoren, New Yorkeko MOMAra eramango dute. Artelan gehienak inoiz erakutsi gabeak dira, eskulturak, margolanak, marrazkiak, instalazioak eta filmak.

Osotasunean
Kartoia, zura, egunkarietako paperak, lokarriak, tinta… erabili zituen eskulturak egiteko, eta esmalte distiratsuz pintatu zituen ondoren; graffitian eta komikian oinarritutako irudietatik abiatu zituen margolanak, eta denen bidez osotasun bat lortu zuen, kale biziak irudikatzea.

Etxeko tresnak ere era ironikoan irudikatu zituen, entxufe, hozkailu eta denetariko aparailuak tamaina handian irudikatuz. Janariak ere ez dira falta Oldenbur-en erakusketan, umorea eta sexualitatea ardatz harturik.

Erakusketa bitxi eta ikusgarria da Guggeheimek proposaturikoa, inork galdu beharko ez lukeena.