Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia zabalik

Urtero bezala, hemen da Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren VIII. deialdia. Aurten bi proiektu babestuko dituzte, bata 4.000 eurorekin eta bestea 3.200 eurorekin.

Zortzigarrenez, hemen da Poltsiko Antzerki Sorkuntzan lanak aurkezteko deialdia. Irailaren 28a arte eman dute proiektu berriak aurkezteko epea, eta aurten bi izango dira saridunak: irabazla, 4.000 eurorekin babestuko dute, eta bigarrena berriz, 3.200 eurorekin.

Zortzigarren deialdi honen xedea ez da diru-laguntza soilik, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, zortzigarren deialdi honetan landutako bi obren estrainaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Modu honetan, euskal antzerki sorkuntzari leiho bat ireki nahi diogu jaialdiaren barruan. Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanen 4 emanaldi egingo dira.

Poltsiko Antzerkiaren, eta orokorrean, formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi da. Hala, askotan Poltsiko Antzerkiko programatzaileek arazoak izan ohi dituzte euskarazko obrak programatzeko. Errealitate hori ikusita, alor horretan euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen lehen helburu nagusia.

Bestalde, kulturaren balio katearen barruan (trebakuntza; sorkuntza; ekoizpena eta, hedapena eta ikustaldia), orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Kultur Etxeen ataletik, oinarrizko eta gertutasunezko kulturaren bideratzaile diren aldetik, argi dute, badutela zer ikusi eta zer egin formatu txikiko sorkuntzen sustapenean. Hala, ekimen hau sorkuntzaren eremuan egingo den lanaren hastapena izatea espero dute, aurrerantzean kulturaren beste arlo eta diziplinetara hedatu ahal izateko. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia.

2011n abiatu zen lehen aldiz modu esperimentalean Proiektu deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen  ondotik. Aurreko deialdietan, 40tik gora izan dira aurkeztutako Poltsiko Antzerki proiektuak.