Politonoen hilerria
Gaixorik jartzen zara mugikor bat entzuten duzun bakoitzean eta zurea isilean duzun horietakoa zara? Ez zara bakarra!
Munduan bi motatako pertsonak daude: pertsona onak, eta mugikorrak isilean ez dutenak. Hala da. Azken urteetan, mugikorreko soinuak toleratzeari utzi diogu, eta egun, bibrazioan badaude ere, jasangaitzak egiten zaizkigu.
Zer gertatu da garai bateko politonoekin? Telebistan, irratian... etengabe iristen zitzaizkigun politono berriak erosteko iragarkiak. Lagunen artean gelditu eta "begira, Shakiraren Waka-Waka daukat!" esaten zigun batek harro. Baina smartphonen erreinuan, politonoek ez dute lekurik; orain, Nokia Tuneren saltsa bertsioa duen lankide horren mugikorra mahaian saltoka entzuten dugun bakoitzean gorrotoz begiratzen diogu.
Amaitu da mugikorretako dei tonuen garaia, eta horrek badu azalpen bat. Inork ez du dei garrantzitsu bat galdu nahi, baina gure mugikorrak etengabe bidaltzen dizkigu mezuak, whatsappak, eta azkenean, estimuluz saturatu gara. Hala, garai batean ilusioz jasotzen dugun deia egun gorrotoz hartzen dugu, etengabeko dei eta mezu jarioarekin nazkatuta.
Kontraesan hutsa da; goizetik gauera konektatuta gauden garaian, gure gailuak isilarazten ditugu. Ezin dugu mugikorrik gabe bizi, baina gorroto dugu mugikorra alboan izatea. Politonoen hilerrian, zuetako zenbatek duzue oraindik garai bateko abesti hura oraindik gordeta?