Polemika sortu da Eskozian izaten den Harri Jaurtiketaren Munduko Txapelketan
Harriek egindako distantzia neurtzen da garailea izendatzeko, eta parte-hartzaileak arauak hausten hasi dira.
Irailean jokatzen dute Harri Jaurtiketaren Munduko Txapelketa Eskozian, eta jende asko erakartzen du bertara. BBC-k azaldu duenez, aurten hogeita zazpi herrialdetako 2.200 pertsona baino gehiago izan dira mendebaldeko kostaldearen parean dagoen Easdale uharte txikian. 60 biztanle inguru ditu uharteak, beraz, nabarmentzekoa da ekitaldiak izaten duen eragina, eta bertan sortzen den jai giroa.
Giroa ozpindu egin da, ordea, azken edizioan, hainbat lehiakide deskalifikatu baitituzte tranpa egiteagatik. Arauen arabera, harriek bertakoak eta neurri jakinekoak izan behar dute, baina harri batzuek ohikoa baino forma borobilagoa zutela ohartu ziren bertan zeuden zenbait lagun, eta susmoa piztu zitzaien. Izan ere, harriek egindako distantzia hartzen da kontuan, eta borobiltasunak uraren gainean errebotatzen, hau da, aurrera egiten, laguntzen du.
Epaileek zurrumurruak eta murmurioak entzun zituzten, eta horregatik jabetu ziren gertatzen ari zenaz: zenbait parte-hartzailek harriak borobildu zituzten. Arau-urratzaileek besoak jaso eta barkamena eskatu omen zuten.
Parte-hartzaileek aukeratzen dituzte harriak, eta epaileek neurgailua erabiltzen dute, hiru hazbeteko diametroa baino handiagorik ez dutela ziurtatzeko. Lehiakide bakoitzak hiru jaurtiketa egin ditzake, eta harriek gutxienez bi aldiz errebotatu behar dute uretan hondoratu aurretik.
Jonathan Jennings izan da aurtengo garailea, eta lehen irabazle estatubatuarra da gainera. Haren harriek 177 metroko distantzia metatu zuten.
40 urtetik gorako ibilbidea
1983an antolatu zuen lehen aldiz bertakoa den Albert Baker herritarrak, eta etenaldiaren ondoren, Eilean Eisdeal talde komunitarioak jarri zuen berriz martxan 1997an.
Boluntarioak arduratzen dira antolaketaz, eta irabazitako dirua tokiko proiektu komunitarioentzat eta ongintza-erakundeentzat izaten da. Iaz 15.000 libera, 17.000 euro inguru, bildu zituzten.