Poetika zikloa antolatu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean
Gaur Juan Luis Zabala arituko da, Alex Gurrutxaga irakaslea eta June Agirre musikaria lagun.
Koldo Mitxelena Kulturuneak urtero egiten ditu irakurketa poetikoak, Jon Obeso eta Jose Luis Padronek koordinatuta eta Musikeneren laguntzarekin.
Lehenengo topaketa gaur izango da, 19:30etik 21:00etara, Juan Luis Zabala poetarekin (Azkoitia, 1963). Zabalak obra oparoa du, eleberri, biografia, aforismo, poesia zein kontakizunekin osatua. Iaz plazaratu zuen azken lana, Mina hartzeko ere izenekoa. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egin izan du eta itzultzaile lanetan aritzen da. Hain zuzen ere, Federico Garcia Lorcaren poesia lan esanguratsua, Poeta New Yorken, euskarara ekarri du.
Gaurko saioan Alexander Gurrutxaga zarauztarrak egingo du Zabalaren aurkezpena, eta June Agirre gitarristaren laguntza izango du irakurketan.
Errezitaldi musikatua 24an
Bigarren saioa ere izango da datorren astean, hilaren 24an, Ardo disko-liburuarekin lotuta. Andoni Tolosa Morau idazle eta kantautoreak, Beñardo Goietxe gitarrista eta abeslariak, eta Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailearen artean egindako lana da. Ardoa argudio tematiko gisa hartuta, disko-liburuak dozena bat abesti, berrogeita hamarren bat poema eta hogeita lau ilustrazio biltzen ditu, eta adiskidetasunaren ondorio onuragarriengatik topa egitera gonbidatzen du. Errezialdian abestiak eta testuak izango dira. Josu Landa idazle eta itzultzaileak ere parte hartuko du.
Koldo Mitxelena Kulturunearen ekitaldi aretoan izango dira saioak, 19:30etik 20:30era.
