Poetek ere badute biderik
Hamar urte dira Mikelazulo Elkarteak Errenterian Poesia Astea antolatzen duela. Hamar urte hauetan ustez gutxiengo baten zaletasuna izan arren jende mordoa hurbildu zaiela konturatu dira eta 'Poesiaren ibilbideak' jarri nahi izan diote izenburutzat aurtengoari. Jose Luis Otamendi, Manex Agirre, Jon Benito, Imanol Epelde eta beste hainbatek ibilbide ezberdinak erakutsiko dizkigute.
Musika, bazkaria, gosari solasaldia, irudiekin osaturiko jolasetaz ere gozatu ahal izango da XI. Poesia Aste honetan. Baina poeten hitzak izango dira protagonista nagusia.
Zeintzuk dira idatzia izan eta gero poema batek jarrai ditzakeen bideak? Galderari erantzuteko hartuko dute hitza lehenik eta behin. Edizio moduak, errezitaldiak, beste disziplina artistikoekin egiten diren elkarlanak... Izango dira mintzagai.
Herrialde arabiarretan azken hilabeteotan gertatzen ari den askatasun egunsentiari buruz ere arituko dira. Artista arabiarrek zabalduriko 'Demokraziaren aldeko intelektuak arabiarren' Agiria hartuko dute abiapuntutzat.
Ez dira jorratuko dituzten bideetatik bi baino.
Egitaraua
Maiatzak 26, osteguna.
20:00etan 'Huntza hezur berritan' musipoema emanaldia. Hitzak Juan Ramon Makuso, biolina Jon Makuso.
Maiatzak 27, ostirala.
20:30etan "Duintasunaren eta askatasunaren koloreak", herrialde arabiarretako poesian oinarritutako errezitaldi musikatua.
Maiatzak 28, larunbata.
18:00etan "Bustilehorreko poemak (itsasoa eta jendea)" errezitaldia: Jose Luis Otamendiren hitzak, Juan Azpillagaren musika.
20:00etan 'Igo gora' errezitaldia: Marco Bianchi (soinuak, ehundurak), Manex Agirre (ahotsa) eta Jon Aranburu (gitarra, zaratak, ahotsa).
Maiatzak 29, igandea.
10:30etan "Poesiaren ibilbideak" gosari-solasaldia, hiru gonbidaturekin: Imanol Epelde, Ixiar Rozas eta Auxtin Zamora.
Bazkaria Txintxarri elkartean.
17:00etan errezitaldi kolektiboa, Oihana Leundak egindako iruditik abiatuta. Parte hartzea irekia.
Ekainak 2, osteguna.
20:00etan "Bulkada" liburuan oinarritutako errezitaldia, Jon Benitoren eskutik.