Poesia errezitaldi bereziak izango dira gaur Iruñean
'Itzalak elurretan' musika-errezitaldia, eta Castillo Suarezen liburu aurkezpena eta irakurketa egingo dituzte.
Poesiaren Nazioarteko Eguna da gaur, martxoak 21, eta literatur genero honekin lotutako jaialdiak eta ekintzak izango dira Euskal Herriko txoko askotan, tartean Iruñean.
Alde batetik, Iosune de Goñi idazlearen poemak eta XVII. mendeko zango-biola musika uztartzen dituen Itzalak elurretan ikuskizuna izango da, 19:00etan, Kondestablearen jauregian. Iosune de Goñi (Burlata, 1993) idazle eta argazkilariak poemak errezitatuko ditu. Gorputz baten aztarnak elurretan (Bermingham, 2022) eta Trenza roja (2020) liburuak idatzi ditu nafarrak. Bere testuek hainbat sari jaso dituzte eta aldizkari, fanzine eta antologietan argitaratu dira. Ondoan izango du Leire Alonso Allué (Burlata, 1994) musikaria ere. Alonsok Nafarroan egin zituen biolontxelo Ikasketa Profesionalak, eta Bilbon Itziar Atutxarekin zango-biola ikasketa profesionalak egin ondoren, Sevillako Goi Mailako Kontserbatorioko ikaslea da egun.
Beste aldetik, Castillo Suarezek Elurra elurraren gainean liburua aurkeztuko du, 19:30ean, Karrikiri elkartean, Fernando Reyrekin batera. Hamalau poemez osatutako liburua da, Txakur Gorria kolektiboaren ilustrazioekin. Poemak garai ezberdinetan eta enkarguz egindakoak dira, norbaiten omenez edo ekitaldi publikoren batean irakurtzeko. Euskarazko testua da nagusi, baina edizio elebiduna da, Fernando Reyk egindako itzulpenari esker. Pertsona esanguratsuei eskainitako olerkiak edo Euskal Herrian sinbologia handiko ekitaldietan plazaratutakoak bildu dira liburuan. Fernando Reyren hitzetan, “ Suarezek ohi bezalako begiratu erne eta sakonarekin marraztu ditu pertsona batzuen bizitza eta balioak, erakunde batzuen fruitua eta lana, haiek denek, elurrak bezala, arrasto ezin ezabatuzkoa uzten baitigute emeki-emeki gure ibilaldian pausatzen direnean, gure existentzia markatzen dutenean".
Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) idazleak Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta Sakanako Mankomunitatean euskara-teknikari ari da lanean. Zenbait komunikabidetan ere kolaboratu du, esaterako Argia aldizkarian eta Berria egunkarian. 2010ean Ebelina Mandarina obrarekin Zarauzko Udalak antolatutako XXVIII. Lizardi Saria irabazi zuen, eta 2014an Peru Abarka album ilustratuaren lehiaketaren irabazlea izan zen, Zerua berun lanarekin. Literaturaz gain, hizkuntzalaritzan ere aritua da, eta 2016an euskaltzain urgazle izendatu zuten. 2017. urtean, Azkue Fundazioak antolatutako Blogetan! lehiaketan, Castillo Suarezen Iparraldeko neska bloga saritu zuten.
