Poesia Eguna Oiartzunen
Urari buruzko poemak irakurriko dituzte bidegorriaren inguruko hiru txokotan. Bertako hainbat herritarrek eta Harkaitz Canok egingo dute errezitaldia.
Bidegorria bizikletan, korrika, patinetean edo oinez ibiltzeko erabili ohi da sarri, baina beste erabilera bat emango diote Oiartzunen (Gipuzkoa) uztailaren 3an. Irakurraldiak antolatu dituzte Poesia Egunean bidegorriaren inguruko hiru txokotan; lehenengo bietan urari buruzko poemak irakurriko ditu herritar talde batek eta hirugarrenean Harkaitz Canok errezitaldia eskainiko du bakarka. Hiru gune izango dira, beraz, eta bi aktore arituko dira aurkezle lanetan. Hiru orduko iraupena izango du ekitaldiak, 11:00etatik 14:00etara.
Poemak irakurriko dituzten herritarren artean, hainbat idazle ere izango dira: Goiatz Labandibar, Oier Guillan, Ainara Lasa, Antton Kazabon… Ibilbidea bidegorriaren ondoko zelaigune batean bukatuko da, erreka bazterrean. Honekin lotuta sorpresaren bat izango dela iragarri dute eta sorpresan parte hartu nahi dutenek bainujantzia eramateko gomendioa egin dute.
Aurrez aipatu bezala, larunbatean, uztailak 3, izango da Poesia Eguna eta beilatokiko aparkalekutik abiatuko dira, 11:00etan. Doakoa izan arren, sarrera lehenago erreserbatu beharko da, ordea, Oiartzungo Turismo Bulegoan (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egoten da zabalik).
Poesia Egunaren bultzatzaile nagusien artean dago Hitzen Lihoa.