Poesia ardatz duen egitasmoa egingo du Euskaltzaindiak Lekeition

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da, euskal poeten lana gizarteratzeko asmoz.

Euskaltzaindiak poesiari eskainitako Irailekoak asteburua antolatuko du Lekeition. Antolatzaileek azaldu dutenez, "euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute: hasteko, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsuk. Poesiarekin batera, beste adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak". 

Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, "poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean", eta, era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatur jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdian.

Lekeition poesiari presentzia handiagoa emate aldera, garai eta jatorri askotako egileen poemez jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean dira Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en testuak.

Iraileko paperak aldizkaria ere plazaratuko da, egun horietan jazotakoaren berri emateko. Aldizkaria jaialdian parte-hartuko duten poeta eta ikusleen artean banatuko da.

Irailaren 30ean, egun osoz, eta urriaren 1ean goizez izango da, eta egitararuaren xehetasunak irailean jakinaraziko dira.