"Plateruena eta gero zer?"

Herritar talde batek "Plateruena eta gero zer?" dinamika aurkeztu berri du.

Herritar talde bat Plateruena kudeatzeko proiektu berri bat garatzen ari da. Asmoa Durangoko Udalari aurkeztea da hausnarketa kolektiboa egin ostea. Horretarako lan saio parte-hartzailea deitu dute otsailaren 6rako. 

Euskal kulturazaleen artean Plateruenaren itxierak sekulako tristura eragin zuen, baina dirudienez berau berpizteko lanean ari dira. Honela, Plateruenak kulturgune moduan duen potentziala indartzea aurreikusten du, besteak beste ostalaritza albo batera utzita. "Euskara, kultura eta herritarrak lirateke proiektu berri honen ardatza; aurreko proiektuaren ondarea baliatu, akatsetatik ikasi eta Plateruena durangarrentzako kulturgintzarako dinamika berri batean murgiltzeko eredua garatzen ari gara", azaldu dute ohar baten bidez. Ekimen hau aurrera ateratzen ari diren taldea herrigintzan eta kulturgintzan arituriko durangar batzuk eta Plateruenako kideak izandako batzuk osatzen dute. 

"Plateruena berria herritarrak protagonista edukiko dituen ahalduntze ariketa bat izan behar delakoan gaude". Horretarako, otsailaren 6an Zabalarran egingo duten lan saio parte-hartzaileaz gainera, talde honetako kideek "harreman bira" hasi dute Durangoko eragile, kolektibo eta norbanakoekin. "Bisitaturiko lagun eta elkarte adina ideia jasotzen ari gara, eta argi geratu zaigu kultur transmisioak horizontala izan behar duela".

Osasun neurriak bete ahal izateko, otsailaren 6ko saioan parte hartzeko eskaera-orria diseinatu dute antolatzaileek: labur.eus/tagerozer. Saioa otsailaren 6an izango da, 10:30ean, Zabalarra ikastetxean.