Plastikoari boikot: ongi etorri 'plastikariano' garaira

Astelehen honetan hasi eta igandea bitarte, plastikorik ez erosteko deia zabaldu dute; benetan ote gara 0 plastiko erabiltzeko gai?

Dirudienez, pixkanaka ari da plastikoaren inguruko kezka ekologikoa zabaltzen, eta geroz eta gehiago dira plastikoak erostea ekiditeko saiakera egiten dutenak. Hala, aste honetan plastikoari erabateko boikota egiteko deia zabaldu dute; baietz 7 egunez plastikorik erosi gabe biziraun?

Asko dira sare sozialetan erronkara batu direnak, baina ez da uste bezain erraza plastikoak ekiditea. Supermerkatuetan sartu eta begiratu bat botatzea besterik ez dago; ziur aski, produktu asko plastifikatuta aurkituko dituzue, eta beraz, erositakoa garraiatzeko telazko poltsa eramatearekin ez duzue nahikoa izango.

Zorrotz begiratuta, konturatuko zarete produktu gehienek dutela plastikozko edukiontzia; esnekiak, ogia, lekaleak, pasta eta arrozak, hestebeteak, prestatutako edo prozesatutako jakiak, garbiketa produktuak... dena dago plastikoz inguraturik, askotan, frutak eta barazkiak barne.

Hala, nahiz eta telazko poltsa eraman, frutarentzat telazko sareak erabili, haragi eta arraina erosteko tuperrak eraman eta psoible den heinean plastikoa duten produktuak erostea ekidin, ia ezinezkoa egingo zaizue etxera plastikorik gabe iristea. Aldaketa, beraz, ez dago soilik kontsumitzaileen esku, supermerkatuek ardura handia dute. Horregatik, aste honetan egiten dugunak balio dezake supermerkatuei aldaketa egitera behartzeko. Plastikorik ez badugu erosten, plastikoak kenduko dituztelako.

NOLA BIHURTU 'PLASIKARIANO'

Plastikoaren aurkako boikotarekin bat egin nahi duzu eta ez dakizu nola? Hemen dituzu gomendio batzuk: