Plastikoari aurre egiteko proiektuak irabazi du CAF-Elhuyar Saria

Lesakako Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek jaso dute saria.

CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte aste honetan, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. “Egin jauzi, eta sortu uhin hedakorrak” zen sariketaren leloa aurten, eta horretara ausartu direnei aitortza egiteko asmoz egin da ekitaldia. Hain zuzen, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea da sariketaren helburua, baita xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzea ere. Saridunen artean, Lesakako Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpak daude.

 

Aurten 71 lan aztertu behar izan dituzte epaimahaikideek, eta, haien artetik, dibulgazio-artikulu orokorraren saria Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek irabazi dute, Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Lesakarrak dira, eta bien arteko elkarlanaren emaitza izan da lan saritua. 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso dute.  Zorionak!