'Plagaro' izeneko erakusketa ikusgai da Artiumen
Alfredo Alvarez Plagaro artista gasteiztarrak izen bereko erakusketa ikusgai jarri du Gasteizko Artiumen, eta bertan izango da iraila hasiera bitarte. Formatu ezberdinak eta moduluen erabilera errepikakorra dira nagusi bere obretan, 'koadro berdina' izeneko seriearen baitan.
Elementu bera hartu, eta aspertu arte errepikatu du, behin eta berriz margotuz, zenbat eta obra "berdin" gehiago sortuz. Lan horiek lau aretotan banatu ditu, espazioarekin jokatuz, formatuak aldatuz eta ohikoak ez diren gainazaletara hedatuz. Hala nola, teilatuetara eta kurbadun hormetara. Haiekin batera Miguel Fernandez Cid eta Erich Franz idazleen testuak tartekatu ditu.
Artistak berak adierazi bezala, ikusleak behin baino gehiagotan begiratu behar izaten die artelanei, batetik bestera dagoen alde txikia behatzeko asmotan. Hala, joku moduko batean barneratzen da, ezberdintasun horien bila.
Erakusketa iragan maiatzean zabaldu zuten, eta irailaren hasiera bitarte izango da ikusgai Gasteizko Artiumen.
Lau areto
Lehenengoa
Bi metro luze eta bost zentimetro zabaleko 150 pieza batu ditu lehen aretoan, horma eta sabaian zintzilikaturik denak. Kolore beroak dira nagusi bertan.
Bigarrena
40 moduluz osaturiko segida luzea da, horma batean hasi eta hurrengoan jarraitzen dutenak. Kolore hotzen artean murgilduko da oraingoan ikuslea.
Hirugarrena
Ikuslea erakartzeko asmotan, arkitektura bera eta hutsuneak tartekatu ditu obren artean, etengabe errepikatzen diren koadroen artean, bakarrak, baina era berean horren arruntak diruditen lanen artean. Izan ere, behin eta berriz ikusi ondoren, hartzailean monumentu erraldoien baitan dagoela sentitzen du. U itxurako forma sortu du aretoan 150 koadro berdinen bidez, eta nork bere gorputzari buelta osoa eman behar dio artelan guztiaz jabetzeko.
Laugarrena
Gasteizen egindako irudi serie bat jarri du bertan, aluminio gainean zuzenean margotutako oleoz margotutako koadroz osatua.
Alfredo Alvarez Plagaro
1960an Gasteizen jaio zen artistak Arte Ederren ikasketak burutu zituen EHUn. Hasiera batean figurazioa landu bazuen ere, pixkanaka abstrakzio piktorikorantz jo zuen. 80ko hamarkada amaieran koadro berdinak egiten hasi zen, eta gaur egun arte ikerketa ildo bera jarraitu du.
1987an bakarkako lehen erakusketa jarri zuen ARCOn, eta M. Bochum galeria alemaniar ospetsuaren baitan egotera igaro zen. Geroztik, Euskal Herrian eta baita atzerrian ere izan dira ikusgai arabarraren artelanak.