Pirinioa: nahi adina menu
Pirinioko mapa zabaldu, eta jatetxerik garestieneko kartaren aurrean baino galduago gabiltza. Hainbestekoa da aukera! Higer lurmuturretik Creuseko muturreraino 500 kilometro "besterik" ez daude, baina mendikatearen zainetan sartuta, zenbat bailara, zidor, zintzur, gailur, errekasto, aterpe, ibilbide, ibon
Lerrootan, karta zabal horretako plater batzuk aipatu besterik ez dugu egingo, tripazain bakoitzarentzat egokiturik. On egin!
Lagun batek lau taldetan sailkatzen ditu mendizaleak: mendi-gonzalezak, mendigoizaleak, mendigoiz-zaleak eta mendigonazaleak. Baina lau espezie horietatik aparte, klase guztietako orojaleak mugitzen dira Pirinioan: "pisaberdeak" eta "frikiak", azken modara doazen Tapioka koronelak eta betiko mendizale zarpailak. Inor goserik behintzat ez da geratuko. Tira, jantzi botak eta goazen.
Mendi-gonzalezak
Edo "domingeroak", gazteleraz. Bada halako irain kutsu bat talde honetako kideekiko, baina bailararen behekaldeetan edo errepidetik gertu geratzen den jende honek kalte gutxiago egiten dio sarri mendiari mendigoizale ustezko batzuek baino. Azkenik, denok dugu eskubidea mendira joateko eta nor ez da izan behin edo behin mendigonzalez? Talde honetakoek mendiko bota eta motxilarekin batera, parrila, mahai txikia eta haragiz ondo hornitutako frigorifiko koxkorra eraman ohi dute autoan. Mendigonzalez-ak goiz buelta errazak egiteko mila leku aurkituko ditu Pirinioan. Etxetik gertu hasita: Abodi mendikateko mendi borobilduak Ollokiako lepotik abiatuta, Orhi bera eguraldia lagun bada; Arlaseko igoera San Martingo Harritik; Atxeritoko Ibonera joan-etorria Echoko bailaran; Bachimañako lakuetatik edo goraxeago joanda laku urdinetatik itzulia Panticosa inguruan; Aigualluteko urjauzien edertasuna Benasqueko Hospitaletik...
Hirumilajaleak
Bada Pirinioan oso arrunta eta tradizio handikoa den espeziea: hirumilajaleena. Himalayan buruargiren batek kartaboia hartu eta zortzimila metrotan ezarri zuen marra majikoa, Pirinioan, berriz, hirumila metrotik gorako mendiek dute estimazioa. Tradizio horri jarraiki, uda honetan jende asko hurbilduko da Piriniora lehen hirumilakoa edo bigarrena edo hirugarrena igotzeko asmoz.
Horretarako, kanpamendu nagusia non jarri erabaki beharko aurrena. Tenako harana leku egokia da lehen hirumilakoari aurre egiteko. Lehendabizi, Respumosora edo Panticosara igo eta handik Facha Handia, Balaitous, Infernuak, Garmo Negro, Algas, Argualas eskura izango dituzu. Balaitous salbu, gainerakoak oso samurrak dira.
Ordesa ere abiapuntu ohikoa izaten da, batez ere Perdidora doazenentzat. Perdidori izena aldatuko baliote ere! Garai batean bai, ezkutuan egongo zen, baina gaur egun kristo guztiak aurkitzen du! Hirumilako gehiagoren bila bazabiltza, Benasquen ere pagotxa duzu: Ballibierna, Maladeta, Aneto, Perdiguero, Posets Eristeko bailaratik... Beste isurian Gavarnie ere leku aproposa da: Taillon, Marboreko Kaskoa, Vignemale ere urruti ez Hirumilakoen tradizioari eutsiz, bada ahantzi ezin den errito bat: lehenbizikoarekin txanpainera gonbidatzea lagunak.
Zeharkaldi zaleak
Pirinioa ezagutzeko modurik aproposena, dudarik gabe. Jakina den bezala, GR edo ibilbide luzeko bi zidorrek alderik alde zeharkatzen dute mendikatea: GR-11 zidorrak hegoaldeko isurian eta GR-10ak iparrekoan. Mendizale askok gurutzatzen du urtero Pirinioa zidor horiei jarraituz. Batzuek dena segidan egiten dute; beste zenbaitek zatika, urtero puskatxo bat mapari janda. Zati logiko batzuk hauek dira: Hendaia-Belagoa, Belagoa-Ordesa, Ordesa-Be-nasque, Benasque-Andorra... Inork GR-11 egitea erabakiko balu bide piriniar horri buruzko gida aproposa badu euskaraz, Prames argitaletxearen eskutik. Etapaz etapako deskribapena eta 47 mapa dakartza gidak.
Zeharkaldi zirkularrak ere egin litezke, leku batean hasi eta han bertan bukatuz. Aigües-Tortes eta Sant Mauriciko Parke Nazionala leku paregabea da horretarako, eta bi isurietako bailarak ondo lotzen jakinez gero, beste aukera eder asko ere badaude. Hona hemen proposamen polit bat: Bujaruelo, Serradets, Goriz, Perdido, Pineta bailara, Tucarroya, Pimene eta buelta Serradetsera eta Bujaruelora.
Pirinioko zeharkaldiak antolatzen dituzten talde eta mendizale euskaldunak badira. Hona hemen batzuk: Julio Villar (943-427713), Jose Ramon Agirre 'Marron' (943-180253), Anaitasuna Mendi Taldea (948-254900) edota Pitxi Egillor (948-290350).
Matxakak
Helly Hansen lifa estu bat, galtza motzak, eguzkitako betaurrekoak, bisera edo buruko zapia, hanka gihartsuak aise identifikatzen dira. Izerdia galanki bota nahi dutenetzat hona zenbait porrutxo: Campbiel hirumilakora aldapa polita dago Gedretik abiatuta, eta baita 2.000 metroko desnibela ere. Baregesetik Neovielleko igoera ere ez da makala. Oso-oso ibilaldi ederra eta porru galanta ere bai, Estaubeko lakutik Astazuetara doana, Tucarroyako atakatik igarota. Klasikoen artean, Aneto Renclusatik, Balaitous La Sarrako urtegitik
Bakartiak
Gailur populatu eta betikoetatik ihesi dabiltzanentzat Pirinioak ezuste asko gordetzen ditu. Norberak bilatzea da ederrena, baina gomendiorik onartzen baduzue hona hemen batzuk. Aniscloko zintzurraren gainean bada mendi eder eta bakartia, Sestrales. Sestralesera igo eta gero, zintzurraren gain-gainetik joango zarete, balkoi paregabean, eta jaitsiera Añiscloko zintzurretik bertatik egin dezakegu. Napazal bailara, Asperen hego aurpegian, leku lasaia eta ederra da. Ipeko Palara igotzeko, igoera ederraz eta bakardadeaz gozatuko dugu Canfranc herritik lapurren lepora igo eta Izas bailarari jarraiki. Ez ote dute Izas bailara hau Formigal eta Canfranceko eski estazioen lotura bihurtuko
Euskal Herritxoak
Pirinioko edozein lekutara joanda ere, beharbada nork bere herrian baino gehiago entzungo du euskaraz. Erronkari, udako hilabeteetan batez ere, erabat euskalduntzen da. Nork ez du egin antzeko planik? Ezkaurre, Txipeta, Txamantxoia, Hiru Erregeen Mahaia, Petritxema, Anie, Kartxela, Lakora edo inguruetan mendi buelta eman goizean eta gero parranda koxkorra Izaban? Echo bailaran, Canfranc edo Tenako ibarrean ere zientoka ikusten dira SS, BI, VI eta NA matrikulak (orain matrikula berriekin txoferraren sudurrari erreparatu beharko diogu), eta ibilalditxoa egin ondoren, Jaca eta Sallent parrandaleku ohikoak izaten dira.
Ostatu hartzeko
Pirinioa josita dago aterpe, kanpin, ostatu, landa etxe eta bestelakoez. Merke antzean hartu nahi baduzue ostatu, kanpinez aparte, hona hemen aukera on batzuk: Erronkarin Oxanea Izaban (948893153) edo Belagoako aterpea bera (948394002); Echo bailaran Bisaltico borda (974375388) eta Gabarditoko aterpea (974375387); Canfranceko bailaran Triton aterpea Villanuan (974-378281), Sagartana aterpea Canfrancen (974373217) eta El Aguila Candanchun (974373291). Tena bailaran Hoz de Jacako aterpea (974487230) edo betikoa: Casa de Piedra Panticosan (974487571). Ordesako Parke Nazionalean, ohiko leku jendetsuetatik aparte, leku lasai bat aholkatu nahi dizuegu, Marina landa etxea (608714450), Buerba herrixkan (lau pertsona baizik ez dira bizi bertan), Añiscloko zintzurraren ahoan.
Abentura kirola egiteko hamaika aukera
Abenturako kirolak eta eskalada maite dituenak, Murillo de Gallegon du bere meka. Herri koxkor hartan ur lasterrak jaisteko, rafting-a, piragua eta bestelako abentura kirolak egiteko agentzia ugari daude, bitxia bada ere (edo ez hainbeste) guztiak euskaldunak. Eskalatzeko, berriz, gertu daude Rigloseko Malloak edo Haitzak, Pirinioko eskaladaren santutegi gurtuena. Murillora eta Riglosera joateko, Puente la Reina de Jacako bidegurutzean eskuinera hartu behar duzue, Jaca aldera hartu ordez.
Abentura kirolen beste paradisua Guarako mendikatea da (Huesca hiriburua eta Barbastro iparraldean), batik bat arroil jaitsierak gustuko badituzue. Egun dibertigarria igarotzeko (eta ez oso garesti), maila eta era guztietako arroilak aurkituko dituzue, eta agentzia mordoa, gidari bat kontratatzeko. Edozein modutan, Pirinioko herri nagusi gehienetan aurkituko dituzue abentura kirolak egiteko agentziak: Jaca, Torla eta Broto, Luz Saint Sauveur, Bareges, Gavarnie, Aisa, Benasque, Escaldes...
Pirinioko jaialdiak
Udaro musika eta bestelako jaialdi handiak izaten dira Pirinioan. Hona hemen aurtengoak:
Pir jaialdia. Echo bailaran izango da uztailaren 5 eta 8 artean. Rocka, jazza, organo musika, antzerkia denetarik izango da. Berrikuntza nagusia "Bidaia Trashumantea" izango da larunbat arratsaldean, dantza eta musika bidezko bidaia imaginarioa antzinako artzain bideetatik. Uztailaren 6an, Hiru Trukuk joko du.
Pirineos Sur. Jaialdia uztailaren 6an hasiko da, Lanuzako eszenatoki paregabean. Jaialdia Bob Marley oroituz hasiko da eta Wailers taldeko hainbat musikarik parte hartuko dute. Hilaren 7rako Mediterraneoko rap jaialdia izango da, eta hilabete osoan zehar hainbat musikari igaroko dira Lanuzatik, hala-nola Chico Cesar brasildarra, Positive Black Soul senegaldarrak edo Synthesis mazedoniarrak.
Errobiko Festibala. Itsasun, izango da uztailaren 18tik 22ra bitartean.
Pirinioko Folklore Jaialdia. Abuztuaren lehen astean ospatuko da Jacan. Hemezortzi herrialdetako ordezkariak izango dira bertan, besteak beste, Sri Lanka, India, Mexiko, Argentina, Malasia, Kanada edo Tartastango Errepubikakoak.Musika jaialdiez aparte, beste hitzordu batzuk ere badira: uztailaren 13an Hiru Behien Eskaintza San Martingo Harrian eta uztailaren 22an Baztandarren Biltzarra Elizondon.
Mendian gogoan izan beharrekoak
1- Zure gaitasunen araberako ibilaldia aukeratu. Astakeriak behin, ez gehiago.
2- Bakarrik ez zaitez inora joan, eta etxean, lagunei, edo aterpekoei esan zein ibilbide egiteko asmoa duzun.3- Botak, jantziak, janaria eta abarrak urte sasoiari eta ibilaldiari egokituak eraman. Ez joan Anetora zapatilekin, mendizaleen heren batek egiten duen bezala. Goimendian, udan ere bai, pioleta eta kranpoiak beti eraman.4- Pirinioan ohikoak dira bat-bateko eguraldi aldaketak. Ekaitz hodeiak datozenean, martxa behera.5- Materialea (jantziak, janaria ) hobe sobera, faltan baino. Hamabost kiloko motxila eraman beharrik ez dago, hala ere.6- Atseden txikiak egin, eta bakoitzean mokadutxo bat hartu.7- Ura edan suelto, egarritu baino lehen. Hidratazioa funtsezkoa da mendian.8- Mendia beheran bukatzen da, ez gailurrean. Gorde indarrak jaitsierarako.9- Zaindu mendia, utzi zegoen bezala. Eta kontuz zigarrokinekin.10- Istripu edo ezbeharren bat izanez gero, lasaitasuna mantendu. Eta zenbaitetan hain gogaikarria den segapotoa (mugikorra) lagun handia izan daiteke mendian. Bizitza bat baino gehiago salbatu du.