'Pilula Gorria' saioaren 2.denboraldia azaroaren 9an estreinatuko dute

Euskara hutsean sortu den Twitch bidezko lehen saioak, bereziki gazteei zuzendutakoak, bigarren denboraldia estreinatuko du laster. Sortzaileen esanetan "aurtengoan ere galdera zirikatzaile eta deserosoak izango dira saioaren funtsa, baina atal berriak ere izango ditu". Aurkezle eta gidari berriak ere izango ditu: Amalia Ibargutxi (Donostia, 1994) eta Garazi Rezabal (Donostia, 1994) euskal sortzaileak.

Izena

Pilula gorria eta bere aurkakoa, pilula urdina, egia deserosoa (gorria) edo ezjakintasun zoriontsua (urdina) besarkatzearen arteko hautua irudikatzen duten kultura herrikoiaren sinboloak dira.  Zientzia-fikzioaren kulturan ezagunak diren terminoak The Matrix (1999) filmetik datoz. Bertan, Neo protagonistari bi piluletako bat hartzeko aukera eskaintzen zaio. Pilula urdinak gertatutakoa ahaztea eta Matrixen errealitate birtualean geratzea ahalbidetuko dio, eta gorriak, berriz, hartatik askatu eta mundu errealera eramango du.

Zer da?

Izen horretatik tiraz, Twich plataforman, elkarrizketak, erronkak, barre ala kale, horoskopoa edota txutxu-mutxuen tartea jorratuko dituzte. Saioaren ardatza elkarrizketa nagusia izango da. Elkarrizketaren hasieran, guztira 10 pilula banatuko dizkiote protagonistari, 8 gorri eta 2 urdin; horrek esan nahi du zortzi galdera derrigorrez erantzun beharko dituela, baina birekin txanda-pasa egin ahal izango duela. Galderak ez ditu aldez aurretik ezagutuko, beraz, hasieratik bi galdera erantzun gabe uzten baditu, gero ez du aukerarik izango. Hau da, 10 galderatik 8 erantzun behar ditu (8 pilula gorri) eta 2 ez ( 2 urdin). Guztiak umorezko tonua izango du eta galdera apur bat zirikatzaile/deserosoak izango dira: “Gutxien gustuko duzun euskal musika taldea?” (adibidez).

NORK SORTUA DA?

Lan-talde jakin baten proiektua da, baina oraingoz "misterioarekin jarraituko dutela" dirudi, eta  ez dute argituko nortzuk diren. Dena den, saio hau hainbat eragileren laguntzari esker gauzatu dutela nabarmendu dute;  DONOSTIAKO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUA eta BILBOKO AZKUE FUNDAZIOA ezinbesteko bidelagunak izan dira proiektu hau aurrera ateratzeko. Lehen saioa azaroaren 9an emango dute, gaueko 20:00etan, zuzenean, eta bi astetik behin saio berri bat izango da ikusgai zuzenean.

Lehen saioko (2x01) protagonista JULEN AXPE umoregilea izango dela aurreratu dute.

 

Aurkezleak & gidariak

Bigarren denboraldi eraberritu honetan, "tonu umoretsu, zirikatzaile eta ganberroa ardatz hartuz", Amalia Ibargutxi eta Garazi Rezabal euskal sortzaileak izango dira saioren gidari eta aurkezleak.

Twitch kanala hemen